Txarretik okerragora doaz langabeziaren datuak. Azken bi hilabeteak nahikoak izan dira aurreko lau hiletan enpleguak izan duen hobekuntza txikia zapuzteko. Apiriletik uztailera sortutako 6.872 enplegu garbiak ezerezean geratu dira, abuztuan eta irailean 7.228 lagun gehitu baitzaizkie Lanbideren eta Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren zerrendei.
Aurtengo iraila azken urteotako okerrena izan da, alde handiz gainera: 5.339 langabe gehiago zenbatu dituzte enplegu zerbitzuek. Iaz, 1.764 gehiago izan ziren, 3.042 gehiago 2009an eta 1.614 gehiago, berriz, 2008an. Krisia lehertu arte enpleguarentzat hilabete ona izan ohi zen iraila.
Ohikoa denez, zerbitzuei zor zaie langabeziaren hazkundearen zatirik handiena, ostalaritzak sortutako lanpostuak udarekin batera amaitu direlako. Zerbitzuetakoak dira sortu diren hamar langabeetatik bederatzi; 4.696 hain zuzen ere. Abuztuan ere sektore horrek eman zituen daturik txarrenak.
Hazkundea nabarmena izan da aurretik enplegurik ez zutenen artean ere, 561 langabe gehiagorekin. Industriak (+164) eta eraikuntzak (+39) ez dute aldaketa izugarririk izan, eta nekazaritzan langabezia jaitsi egin da (-19).
Hamarretik lau, saririk gabe
Lurraldez lurralde ez da alde handirik izan, guztietan igoera nabarmena izan delako. Araban, 25.885 langabe daude orain izena emanda (+416), 92.274 Bizkaian (+2.363), 45.980 Gipuzkoan (+1.235) eta 49.677 Nafarroan (+l.325). Iaz baino 30.000 langabe gehiago daude orain, lurralde guztietan %15en bueltan handitu baita lanik eza.
Langabezia tasak ere igotzen jarraitzen du, eta %15,86koa izango litzateke SPEE Estatuko Enplegu Zerbitzuak ematen dituen datuak INE Estatistitika Institutu Nazionalak egiten duen biztanleria aktiboaren tasarekin erkatuz gero. Kopuru horretatik behera jarraitzen du Gipuzkoak (%13,75), eta gora, berriz, beste hiru lurraldeek: %16,94ko tasa luke Bizkaiak, %16,32 Arabak eta %15,99 Nafarroak.
Langabeziaren datuak bezain larriak dira langabezia sariari buruzkoak. Izan ere, iaztik hona handitu egin da langabezia saririk gabe daudenen kopurua: %38,5 ziren iazko abuztuan, eta %41,7 dira orain. Langabeen %37,5ek langabezia sari arrunta jasotzen dute —Gizarte Segurantzan kotizatutakoaren araberakoa—, beste %18,9k hura amaitzean geratzen den subsidioa eskuratzen dute, eta ia %2k, Espainiako Gobernuak ematen duen gizarteratze errenta.
Langabezia saria jasotzen duten hamar lagunetik bederatzik Espainiako herritartasuna dute. Batez beste, 916 euroren langabezia saria dute langabeek Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta 932 eurorena Nafarroan.
Diru gehiago beharko du
Langabezia handitzearekin batera handitzen ari da haren kalteak arintzeko jarri beharreko diru kopurua ere. Abuztura arte 21.107 milioi euro behar izan zituen Espainiako Gobernuak sariak pagatzeko, duela urtebete baino %5,7 gehiago. Langabezia saria jasotzeko eskubidea dutenak, berriz, %6,3 handitu dira. Hazkunde horrek hankaz gora jarri ditu Madrilgo agintariek urte hasieran egindako aurreikuspenak: 2012an iaz baino %5 gutxiago pagatzea espero zuen, uste zuelako gero eta langabe gehiago geratuko zirela inolako eskubiderik gabe.
Oraingo erritmoarekin jarraituz gero, Espainiak 31.660 milioi euro beharko ditu aurten sariak pagatzeko. 2013ko aurrekontu proiektuan 27.000 milioi euroren gastua azaltzen da, aurten baino %6,3 gutxiago. Madrilek espero du uztailean hartutako neurriek lagunduko diotela kopuru horretara iristen. Aurrerantzean kotizatutako oinarriaren %50eko saria pagatuko du, gaur egungo %60koaren ordez. Neurri horrek, baina, eragin txikia du aurten, aurrerantzean lanik gabe geratuko direnei soilik ezartzen baitzaie.
Udan sortutako lanpostuak eta gehiago galdu dira abuztutik
Krisia hasi zenetik irailik txarrena izan da aurtengoa enpleguarentzat: aurreko hilean baino 5.339 langabe gehiago zeudenSaririk gabeko langabeak ugaldu arren, gastua ere handitzen ari zaio Espainiari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu