UGT-Euskadi «oso haserre» dago Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariarekin. Damaso Casado idazkari nagusiaren hitzetan, «jada ez ditu kontuan hartzen sindikatuak», ez duelako deialdirik egiten elkarrizketa sozialerako mahaia biltzeko. Lan Duinaren Nazioarteko Egunaren harira CCOO eta UGT sindikatuek atzo Bilbon egindako elkarretaratzean egin zituen adierazpen horiek Casadok. Dozenaka lagunek parte hartu zuten Lan duina izatea ez da pribilegio bat lelopean egin zuten mobilizazioan. Han izan zen Unai Sordo Euskadiko CCOOko idazkari nagusia ere.
«Euskadin ez dago elkarrizketa sozialerako mahaia biltzeko deialdirik, Patxi Lopezek ez duelako nahi, nahiz eta horretarako konpromisoa hartu zuen», adierazi zuen Casadok. Haren arabera, Eusko Jaurlaritzak Legebiltzarrera eraman behar zuen proposamen oro aurrez sindikatuekin eta patronalarekin aztertuko zuela agindu zien lehendakariak, baina ez du bete emandako hitza. «Ez digu deitu ere egiten, ez gaitu ezertaz informatzen», salatu zuen. «Badirudi langileok ez garela existitu ere egiten eta ez daukagula ezeren inguruan iritzirik emateko eskubiderik». Aldiz, patronalaren iritziari balio handiagoa ematen diola gaitzetsi zuen. Hala eta guztiz ere, Casadok ziurtatu zuen UGTk borrokatzen, mobilizatzen eta langileen eskubideak defendatzen jarraituko duela.
UGT kexu, Lopezek ez dituelako kontuan hartzen
Damaso Casadok salatu du lehendakariak ez duela deirik egiten elkarrizketa sozialeko mahaia biltzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu