Sindikaturik ez da geratzen Elkarrizketa Sozialaren Mahaian. ELAk eta LABek ez zuten parte hartu lan kontuak aztertzeko Eusko Jaurlaritzak 2014an sortutako foroan, argudiatuta han ez zirela funtsezko gauzak jorratuko eta "Jaurlaritzaren murrizketak" legitimatzeko organo bat bilakatuko zela. Joan den astean mahaitik altxatu zen CCOO, eta gaur berdin egin du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ordezkaritza aldetik laugarren sindikatua denak, UGTk.
CCOOko Loli Garciak emandako antzeko argudioak eman ditu UGT-Euskadiko idazkari nagusi Raul Arzak ere. Hau da, Jaurlaritzak eta Confebaskek "desleialtasunez" jokatu dutela, joan den astean lankidetza itun bat izenpetu zutelako Elkarrizketa Sozialaren Mahaian negoziatzen ari ziren kontu batzuei buruz.
Arzak iradoki duenez, akordio horrek desadostasunak sortu ditu Jaurlaritzaren barruan. Izan ere, patronalaren Enplegu Sailak sinatu zuen ituna (Beatriz Artolazabal jeltzalearen sailak), baina negoziazio kolektiboaz Lan Saila arduratzen da (Maria Jesus San Jose sozialistarena). "Ez da nire lana Jaurlaritzaren barne gatazketan esku hartzea, baina sailburu sozialistek aintzat hartu beharko lukete".
CCOOk ez bezala, UGTk ez du utziko generoen arteko soldata arrakala aztertzen ari den mahaia. Sindikatu bakarra izango da organo horretan: ELAk hasieratik uko egin dio parte hartzeari, LABek bilera bakarrean hartu zuen parte, eta CCOOk ere utzi egin du. Arzak, ordea, nabarmendu du mahai "desberdin" bat dela, eta Eusko Legebiltzarraren aginduz osatu dela.
Jaurlaritzaren eskaera
"Ez da berri ona". Hitz horiekin baloratu du UGTren alde egitea Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak. Gobernuak ez du amore eman, eta Elkarrizketa Sozialaren Mahaia "berreskura" daitekeela uste du, besteak beste, Confebaskekin hitzartutako puntu batzuk "derrigorrean" eraman behar direla organo horretara.