Bankuen bide tradizionala alde batera utzita, finantzaketa bila segitzen du Ulma kooperatibak, eta zorra jaulkitzea erabaki du MARF Errenta Finkoko Merkatu Alternatiboan. 50 milioi euro saldu dizkie inbertitzaile handiei bonuetan, eta beste horrenbeste jaulkitzeko aukera dauka oraindik ere. Atzerriko erakundeetako inbertitzaileek erosi dituzte Oñatiko (Gipuzkoa) enpresaren bonuak; Ulmak %2,25eko interesa eskaini du zortzi eta hamabi urteko arteko epemugarekin. Hiru urtean 90 milioi euroko zorra saldu nahi du merkatuetan, eta kopuru horren erdia jarria du jadanik.
2017. urtean ere halako operazio bat egin zuen kooperatibak, eta MARF merkatuan 50 milioi euroko zorra jarri zuen. Ez da industria kooperatibek darabilten modurik ohikoena finantzaketa bilatzeko, baina, itxura batean, Ulmak hautu egokia dela deliberatu du, eta operazioa errepikatu du bi urte geroago. Izan ere, finantzaketa horren dibertsifikazioa lortu nahian dabil enpresa, betiere baldintza hobeak aurkitzeko.
5.200 langileko enpresa
Aurtengo otsailean, berriz, beste operazio bat egin zuen Ulmak finantzaketaren alorrean. Inbertsioen Europako Bankuarekin mailegu bat itxi zuen —Juncker Planaren aterkian—, eta, horri esker, 26 milioi euro lortu ditu. Ulma da Mondragon taldeko kooperatibarik handienetako bat industria dibisioan. 900 milioi euroko fakturazioa dauka, eta salmenta horien %75 atzerrian egiten ditu. 5.200 langilek dihardute taldean, eta 80 herrialdetan daude sakabanaturik, Ulmak 64 filial baititu mundu zabalean. Gehienak Euskal Herrian ari dira, dena den. Bederatzi negoziotan aritzen da Oñatiko enpresa: ingeniaritza logistikoa, paketatzea, kofratze lanak....