ENERGIA. ERREGAIAK

Unocal erosteko lehian sartu da Txinako petrolio konpainia bat

«Segurtasun nazionala arriskuan» egon daitekeela eta, eskaintza susmo txarrez hartu dute AEBetan

Iker Aranburu.
DONOSTIA
2005eko ekainaren 24a
00:00
Entzun
Atzerrira ateratzeko garaia iritsi zaio Txinari. Urteak daramatza nazioarteko inbertsioak jasotzen, eta mundu osoko multinazionalen edo atzerrian hedatu nahi duten enpresen kokaleku bilakatzen. Orain, ordea, aurkako prozesua hasi da: Txinako enpresak dira atzerrira atera nahi dutenak, multinazional bihurtzera.

CNOOC izan da horien artean azkena. Petrolio konpainia publiko horrek Kaliforniako Unocal erosteko eskaintza publikoa egin zuen atzo, eta Txinatik datorren edozein berrik bezalaxe, sekulako hautsa harrotu AEBetan. Izan ere, herrialdeko bederatzigarren petrolio konpainia handiena da Unocal eta duela bi hilabete hura erosteko eskaintza egin zuen konpainia handienak, Chevron-Texacok. Erosketa horrek AEBetako lehia agintarien onespena jaso du, baina artean gauzatu ez denez, NCOOC tartean sartu da. Baita indarrez egin ere: 18.500 milioi dolar eskaini ditu, Chevronek baino ia 2.100 milioi gehiago. Gainera, guztia dirutan pagatzeko prest dago CNOOC, eta Chevronek akzio trukaketa eta dirua eskaini ditu.Eskaintza ausarta da, batez ere CNOOCek sekulako zorra pilatuko duelako guztia diru freskoan pagatu ahal izateko. Baina CNOOCek interes handia du Unocalez jabetzeko. Batetik, konpainia horrek putzu garrantzitsu asko ditu Asian, Indonesian eta Azerbaijanen nagusiki. Unocalen frogatutako petrolio erreserben %27 Asian daude eta gas erreserben %73. Txinak ezinbestekoa du lehengai energetikoak kontrolatzea oraingo erritmoan hazten jarraitu nahi badu, eta atzerriko konpainiekiko menpekotasuna gutxitzeko. Duela gutxira arte, Txinak bazuen bere ekonomia hornitzeko adina urre beltz, baina azken urteotako hedapen ekonomiko itzelaren ondorioz, petrolio inportatzaile nagusietakoa bilakatu da, AEBekin eta Japoniarekin batera. CNOOCek ez du hainbesteko interesik Unocalen AEBetan dituen putzuetan heren bat, baina AEBetako merkatuan sartzeko modu ona izan daiteke. Izan ere, Mendebalean Txinako produktuek ez dute kalitate onaren osperik, eta atzerrian hedatu nahi duten Txinako enpresei asko kostako zaie bere produktuentzat izen ona eta merkatua lortzea. Hortaz, errazagoa zaie atzerriko konpainia erostea eta haren bidez merkatua lortzea. Oraingoz, Txinako konpainia handiak ez dira AEBetako, Japoniako eta Europako multinazionalen neurrira iristen, eta lehen mailako erosketarik ezin dute egin. «Nolabait, erosketa horiek Txinako konpainien ahultasuna erakusten dute, eta ez indarra», azaldu du Gilles GuilleuxTxinaren Azterketarako Zentroko adituak.

Ez da azkena izango

Espero bezala yuan-ak ondorengo hilabeteotan dolarrarekiko parekotasuna hautsi eta indartzen badu, litekeena da Txinako konpainien nazioarteko erosketak asko ugaltzea. Antzekoa gertatu zen 80eko hamarkadan Japoniako enpresekin, eta kezka handia sortu zen orduan ere AEBetan. Agian horregatik, Washingtonen oso uzkur hartu dute CNOOCen eskaintza. Petrolioa jokoan dagoenez, Kaliforniako bi senatarik gaia segurtasun nazionalaren ikuspegitik aztertzeko eskatu diote gobernuari...eta ezetz erantzuteko.

Fu Chengyu CNOOCeko presidenteak hitz goxoz limurtu nahi izan ditu estatubatuarren susmo txarrak: «Unocalentzat eskaintza ona da...AEBrentzat eskaintza ona da». Fuk ziurtatu du Unocalen AEBetako ondasunak gorde egingo dituela, «eta Chevronek ez bezala», ez duela langilerik kanporatuko. Gainera, hitz eman du AEBetako putzuetatik ateratako petrolioa eta gasa merkatu horretarako izango direla.Agintari politikoen galbahea pasata ere, ez dago garbi Unocalen akziodunek CNOOCen eskaintza onartuko ote duten. Lehenik, jada onartu duten Chevronen eskaintza arbuiatu egin beharko lukete, eta halakorik ez egiteko eskatu die, oraingoz, administrazio kontseiluak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.