Saio ustel batzuren ondoren, petrolioaren iturria ixten hasteko akordioa lortu dute LPEE Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundeko kideek. Gaur egun egunean 33,24 milioi upel petrolio produzitzen dituzte, eta kopuru hori 32,5 eta 33 milioi artean mugatzeko ados jarri dira. Karteletik kanpo dagoen arren, baliteke Errusiak ere bat egitea ekoizpenaren murrizketarekin, prezioen beherakada handiak kalte handia egin diolako bere ekonomiari.
2014ko udan 115 dolarretan salerosten zen Brent upela. Gaur goizean 43,5 eurotan dago, baina merkeago ere egon zen urte hasieran —25,6 eurotan, urtarrilean—.
LPEEko kideak ados jartzea ezustea izan da, karteleko bi kide nagusiak, Saudi Arabia eta Iran, oso egoera desberdinetan daudelako. Saudiarrek hasi zuten petrolioaren gerra: beren putzuen ekoizpena handitzen aritu dira azken urteotan, prezio merkeagoek ekoizle garestiak merkatutik botako zituztelakoan. Neurri batean baizik ez dute lortu: Artikoan edo irismen zaileko beste leku batzuetan egin behar ziren inbertsioak geratu egin dira, eta fracking bidez petrolioa ustiatzen zuten ehunka putzu itxi egin dira. Edonola ere, ekoizle garestiago horiek uste baino gehiago eutsi diote, eta oraindik gehiegizko ekoizpena dagoenez, petrolioak saudiarrek nahi baino gehiago iraun du merke.
Iranen arazoa, ordea, bestelakoa da. Bere programa nuklearra dela-eta mendebaldeko hainbat estatuk jarritako isun ekonomikoek eta blokeoek kalte handia egin diote bere petrolio industriari, eta ekoizpena txikitu behar izan du azken urteotan. Zigorrak dagoeneko altxatu dituzte, baina horien aurreko produkzio mailara iritsi arte —4,2 milioi upel egunean—, ekoizpena mugatzeko inolako asmorik ez du erakutsi Teheranek. Gaur egun 3,6 milioira iritsi da.
Atzo arratsaldean lortutako akordioaren arazo nagusia da ez dutela ongi zehaztu nola banatuko duten murrizketa. Emmanuel Ibe Kachikwu Nigeriako Petrolio ministroak azaldu du batzorde bat sortuko dutela orain murrizketa banatzeko, eta azaroaren amaieran hartuko dutela azken erabakia, LPEEren hurrengo bileran.