Euskal Herrian aurrez prestatutako elikagaiak ekoizten dituzten bi enpresa elkartu dira: Urkabe Benetan eta Ameztoi. Zehazki, Ameztoi familia Urkabeko akziodun bihurtuko da, baina ez dute zehaztu enpresaren zer zati izango duen. Azaldu dutenez, operazio horrek hiru helburu ditu: «merkatuan erreferente izango den talde bat sortzea, produktu zorroa dibertsifikatzea eta nazioarteko merkatuan haztea».
Urtean 40 milioi euro fakturatzea aurreikusten dute. Bi enpresek ekoizpen fabrika bana dute Gipuzkoan: Urkabek Errenterian, eta Ameztoik Zestoan. Bien artean 150 lagun enplegatzen dituzte.
Urkabe Benetan hazkunde fasean dago, eta plan hori bizkortzeko, Stellum Food & Tech Euskal Herriko inbertsio funtsa enpresaren akziodunen taldean sartu zen iaz. Artizar fundazioa da Stellum funtsaren jabea.
Urkabe, berriz, Indaux Taldearen elikadura negozioaren parte da. Hainbat euskal familiak gidatzen dute Indaux holding enpresa, eta Getarian du egoitza nagusia.
Bi produktu mota ditu Urkabek: batetik, izoztutako elikagaiak prestatzen ditu. Ostalaritzarako banatzaile gisa aritzen da, eta dendetan bere marka propioa saltzen du: kroketak dira Urkaberen produktu nagusia. Bestetik, Urkabe markaren pean hestebeteak ere ekoizten ditu; urdaiazpiko egosia, bereziki. Errenterian du egoitza eta ekoizpen lantegia.
Ameztoik, berriz, Zestoan ditu sukaldeak. 30 urte baino gehiagoko esperientzia du aurrez prestaturiko jakien sektorean. «Errezeta tradizionalak» ditu oinarri, eta hauek dira produktu nagusiak: kroketak, postreak, lasagna, piper beteak eta entsalada errusiarra.