energia

Urrian hasiko dira argindarra orduka kobratzen

Kontagailuen erdia berritu ditu honez gero Iberdrolak.

Argindar sarea. BERRIA
Iker Aranburu.
2015eko ekainaren 4a
11:13
Entzun

Espainiako agerkari ofizialak gaur argitaratu du argindarraren fakturazioa orduoro egitea ahalbidetuko duen agindua. Sistema berria uztailaren 1ean jarriko da indarrean, baina oso litekeena da kontsumitzaileek aldaketarik ez izatea urriaren 1era arte, argindar konpainiek hiru hilabeteko tartea dutelako beren fakturazio sistema egokitzeko.

Gaur egun bi hilean behin ordaintzen dute argindarra Hego Euskal Herriko familiek. Tarte horretan argindarraren handizkako merkatuak izandako prezioaren batez bestekoa kobratzen dute konpainia elektrikoek. Sistema berriarekin, merkatu horren orduoroko prezioa ezarriko zaie bezeroei.

Normalean prezioek gora egiten dute egunean zehar eta behera gauean. Haize handiko egunotan ere merkeagoa izan ohi da argindarra, parke eolikoek eskariaren zati handi bat betetzen dutelako eta horren erregai kostua zero delako. Berdin euri handiko egunetan, zentral hidroelektrikoen ekoizpena handitu egiten delako. 

Ordu bakoitzeko kontsumoa neurtzeko kontagailu adimendunak ezinbestekoak dira, ohikoak ez baitira gai irakurketa egiteko. Iberdrolak aste honetan jakinarazi duenez, dagoeneko 786.000 kontagailu adimendu jarri ditu Hego Euskal Herriko etxeetan. Beste hainbat falta zaizkio berritzeko, argindar konpainiaren datuen arabera, 1,6 milioi inguru kontagailu baititu Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako etxeetan. 2018rako amaitu nahi du berritze prozesua.

Bigarren baldintza bat dago ordukako fakturazioa izateko: merkatu arautuan izatea, Kontsumitzaile Txikiaren Borondatezko Prezioa izenekoan. Hamar kilowatio orduko potentzia kontratatuta dutenentzat da hori, hau da, etxebizitza gehienak eta denda txiki batzuk.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.