Urtea inflazio negatiboarekin amaitzeko aukerak gutxitu egin dira, urrian prezioek %0,8 egin baitute gora Hego Euskal Herrian. Urte arteko tasa oraindik negatiboa da (-%0,4), baina urtarrilaz geroztikoa positiboa da aspaldiko partez.
Espainian prezioak %0,7 igo dira urrian, eta -%0,7eko urte arteko inflazioa dago. Hala ere, Espainiako Gobernuak uste du urteko azken bi hilabeteetan prezioak nabarmen igoko direla, eta urtea inflazio positiboarekin bukatuko dutela. Jose Manuel Campa Ekonomiako Estatu idazkariak erregaiei egotzi die artean inflazioa negatiboa izatea, baina haren eragina gutxitu egingo da azaroan eta abenduan, iazko bi hilabete horietan dagoeneko asko merkatu zelako petrolioa.
Madrilgo agintariek ez dute inflazio negatiborik nahi, deflazio arriskua duelako, hots, prezioak etengabe jaistea. Deflazioa traba da hazkunde ekonomikoarentzat, prezioak gehiago jaisteko itxura badaukate,kontsumoa ere atzeratzen baita. Gainera, inflazio negatiboak eragozpenak sor ditzake prezioen arabera igotzen diren pentsioak edo gizarte-laguntzak kalkulatzeko orduan.Enpresaburu batzuek eskatu izan dute soldatak jaistea, baldin eta inflazioa negatiboa bada.
Soldaten jaitsieraren mamua astindu nahirik, Euskadiko CCOOk eskatu du datorren urtean soldatak %2 inguru igotzea, hori baita Europako Banku Zentralak urtero zehazten duen inflazio helburua. CCOOk aipatu du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan zenbait produktu eta zerbitzuen prezioak igotzen ari direla: %12,2 edari alkoholdunak eta tabakoa, %2,2 irakaskuntza, eta %1,8 ostalaritza. Maribel Ballesteros UGT-Euskadiko ekintza sindikaleko buruak espero du azken datuek negoziazio kolektiboa bizkortuko dutela eta langileek ez dutela erosteko ahalmena galduko.
Salmenten bilakaera
Prezioen jaitsierak ez du eragotzikontsumoa jaitsi izana. Eustatek atzo zabaldutako datuen arabera,merkataritza sektorearen salmentak %10,6 jaitsi dira iaztik hona, prezioen eragina kontuan hartuta. Handizkakoak jaitsi dira gehien -%14,4- eta gutxiago txikikazkoak -%4,3-. Azken horiek dira dendek egiten dituztenak, eta azken hiruhilekoan bilakaera positiboa izan dute, aurreko hiruhilekoarekin alderatuta%0,5 hazi baitira.
Urrian, prezioak %0,8 igo dira Hego Euskal Herrian
Azken hiruhilekoan denden salmentak handitu egin dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu