lan osasuna

Urtarrilaren 30ean Usurbilen istripua izandako langile bat hil da

Aurten lanean ari zela hildako seigarren langilea da, ELAren eta LABen arabera.

Iker Aranburu.
2014ko otsailaren 11
20:04
Entzun

Hamabi egunez oso egoera larrian egon ondoren, herenegun hil zen Alduntzar kooperatibako langile bat. 38 urte zituen, Errumaniakoa zen eta urtarrilaren 30ean izan zuen orain heriotza eragin zuen istripua. Fagor Ederlan taldeko Luzuriaga fabrikan (Usurbil, Gipuzkoa) makinak mantentzeko lanetan ari zela, txatarra gordetzeko hiru metroko sakonera duen zulo batera erori zen, eta kolpe handia jaso zuen.

Luzuriagako enpresa batzordeak deituta elkarretaratze bat egingo dute gaur, 13:00etatik 15:00etara. Hiru lan txandetan lanuzteak egingo dituzte gertatutakoa salatu eta hildakoen gertukoei elkartasuna adierazteko. Enpresa batzordeak proposatu du 270 langileek hiru orduko lan saria eman diezaioten hildakoaren familiari. Langilea zergatik eta nola erori zen ez dakitela ziurtatu dute Luzuriagako langileek, ez baitzen lekukorik izan.

Sindikatuen salaketa

Batzordeak sindikatuek neurriak hartzeko eskatu diete administrazioei eta enpresaburuei. ELAk prekarietateari eta azpikontratazioei egotzi die istripuen ardura, eta enpresaburuei leporatu die krisia argudiatzea «istripuen prebentzioan nahikoa ez inbertitzeko». Ildo horretatik jo du LABek ere: «Lan istripuak ez dira bizitzako gertakari arruntak; langile bat hiltzea ez da lanaren ezaugarri bat. Ez, lan istripuak patronalak lan egiteko orduan ezartzen dizkigun baldintza eta lan egiteko moduen emaitza dira». CCOOren arabera, «azpikontratatuen lan baldintza kezkagarriengatik» gertatu da istripua.

ELAren eta LABen zenbaketaren arabera, Luzuriagakoa aurten beharrean hil den seigarren langilea da. Joan den ostiralean basomutil bat hil zen, Gorla mendian (Antzuola, Gipuzkoa), pinu bat gainera erorita. Urtarrilaren 8an Trapagarango (Bizkaia) langile bat hil zen Basauriko Gerdaun, elektrokutatuta. Hurrengo egunean, berriz, beste behargin bat hil zen Gasteizko Talleres Aratzen. Urtarrilaren 23an, berriz, Burlatako bi anaia hil ziren Beran (Nafarroa), lanerako erabiltzen ari ziren furgonetak kamioi baten aurka jo ondoren.


 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.