Aintzane Oiarbide Gipuzkoako Bide Azpiegiturako diputatuak azaldu du bidesaria ez dela urtarrilaren 1ean indarrean jarriko, urtarrilaren 9an baizik. Egun horretako 00:00etatik aurrera, Etzegaraten, Andoainen edo Irunen jarritako arkuen azpitik igarotzen diren 3,5 tonatik gorako kamioiek bidesaria ordaindu beharko dute. Free flow sistema darabilte, hots, kameren eta sentsoreen bitartez kobratzen dela bidesaria, ibilgailua geratu behar izan gabe. T Bidea sistemaren edo horrekin bateragarria den gailu baten bitartez ordainduko dute gehienek, baina halakorik ez dutenek erregistratu egin beharko dute Bidegiren orrian, urtarrilaren 3tik aurrera, edo zerbitzuguneetan jarriko dituzten kiosko berezi batzuetan.
Oiarbidek halaber esan du otsailaren 9tik aurrera kamioilariek ezingo dutela txanponekin ordaindu A-8 autobideko Irungo bidesaria. T Bidea edo antzeko sistema bat erabili beharko dute, edo banku txartel bat.
Gipuzkoa ipar-ekialdetik hegoaldera zeharkatzen du N-1 autobiak, Irundik Etzegaratera, eta Iberiar penintsula eta Europa kontinentearekin lotzen dituzten bi bide nagusietako bat da. Egunero 12.000 kamioik erabiltzen dute, eta horietatik erdiek baino gehiagok ez dute Espainiako matrikula. Bidesariaren bitartez, Gipuzkoako Aldundiak nahi du garraiolari horiek errepidearen mantentzean ere laguntzea, haiek direlakoan gehien hondatzen dutenak.
Guitransek, grebari ez
Garraio sektoreak oso gaizki hartu du erabakia, eta CNTC Espainiako sektoreko patronalak Gipuzkoako errepideak trabatzera deitu ditu bere jarraitzaileak. Erakunde horretako kide den arren, Guitrans Gipuzkoako garraio enpresen elkarteak erabaki zuen atzo protesta ez egitea. "Ez gaude ados protesta soilik gure lurraldean egitearekin", azaldu zuten.
Mario Palacios Guitranseko presidenteak duela aste gutxi Berria-ri esan zion N-1eko bidesariak kalte egingo diela Gipuzkoako garraio enpresei, eta lagundu, berriz, ekialdeko kamioilariak kontratatzen dituztenei. "Oso kezkaturik gaude, sektorearen krisia are gehiago handituko duelako".
Hiruk ere, paso
Joan den larunbatean, Hiruk ere azaldu zuen ez zuela bat egingo grebarekin. Garraiolari autonomoen sindikatuaren arabera, beranduegi dator protesta, Gipuzkoako Aldundiak dena prest duelako. Bidesariaren aurkako protesta ugari egin ditu azken urteetan Hiruk, eta ziurtatu du euskal garraiolariei egingo diela kalterik handiena, haiek direlako errepide horretatik gehiagotan igarotzen direnak. Kalkulatu duenez, garraiolari batzuek hilean 250-300 euro ordaindu beharko dituzte bidesari horretan. Horregatik, sindikatuak eskatu du kargatzaileek beren kargu hartzea bidesaria, eta ez garraiolariek berek.