Argindarra, garraio publikoa, telefonoa, zaborraren zerga... amaierarik ez duen zerrenda da urtarrilaren lehenean garestitzen diren produktu eta zerbitzuena. Igoerak zehazterakoan, berebiziko garrantzia du KPI kontsumo prezioen indizea kontuan hartzeak, handik gorako edozein igoerak herritarren erosteko ahalmena txikitzea dakarrelako. Aurten %1en bueltan ibiliko da inflazioa Hego Euskal Herrian, eta %0,5aren bueltan Ipar Euskal Herrian.
1. Argindarra
Urtea joan urtea etorri, argindarra da urtero urtarrilaren lehenean, hutsik egin gabe, garestitzen den zerbitzu horietako bat. Eta hala izango da 2010ean ere. Bihartik aurrera %2,64 gehiago ordaindu beharko dute tarifa arautua (Azken Aukerako Tarifa, TUR gazteleraz) duten Hego Euskal Herriko familiek, gehienek alegia. Hilean 30 euro inguruko kontsumoa duen sendi batek gutxi gorabehera 89 zentimo gehiago ordaindu beharko ditu hilean, Espainiako Industria Ministerioak egindako kalkuluen arabera.
Dena dela, igoera horrek ez die eragingo gaueko tarifadunei edota gizarte bonoen onuradunei -hiru kilowatt baino gutxiago kontratatuta dituztenak, familia ugariak eta kide guztiak langabezian dituzten sendiak-. Horiek lehengo prezio bera ordainduko dute aurrerantzean ere.
2. Gas naturala etabutanoa
Ez gora eta ez behera, urte berria hasiagatik zeuden bezala geldituko dira gas naturalaren eta butanoaren prezioak. Bonbona batek 10,69 euro balio du orain. 2009a prezio jaitsierekin hasi zuten, petrolioak izandako merkatzearen ondorioz. Apirilean are gehiago merkatu ziren biak, %22 butanoa eta %10 gasa. Irailean, butanoaren prezioak %2 egin zuen gora; gasarenak, aldiz, %1,24 behera. Beste hiru hilabetean, tarifak berrikusi artean, ez dute gorabeherarik izango salneurrietan.
3. Telefonoa
Telefonicako linea finko baten jabeak hilean 13,97 euro ordaindu beharko ditu 2010ean, aurten eta iaz ordaindutako kopuru bera. Gainera, aurten langabeentzat merkaturatu duen eskaintza bereziarekin jarraituko duela iragarri du: %50eko deskontua telefono finko eta sakelakoen kontsumoan, 20 eurora arte. Beste zerbitzu batzuen salneurriak igo egingo ditu hala ere. Trio Imagenio paketearen truke hilean 2,4 euro gehiago ordaindu beharko dute bezeroek. Euskaltelek, berriz, oraingoz ez du tarifa igoerarik iragarri urte berrirako.
4. Garraio publikoa
Itxura denez, krisiak ez ditu atzeratu garraio publikoak kudeatzen dituzten enpresak prezio berriak ezartzerakoan. Renfe Espainiako trenbide konpainia publikoa da igoera handienak iragarri dituena, batez beste %7 garestituko baititu aldirietako, ibilbide erdiko eta ibilaldi motzak abiadura handian egiteko bidaia txartelak. Eta Ipar Euskal Herrian eta Frantzian, abiadura handiko trenean bidaiatzea %1,9 garestiagoa izango da urtarrilaren 5etik aurrera. Gipuzkoako Lurraldebus autobus zerbitzuak, berriz, %1,87 igoko ditu prezioak. Aldiz, azken bi urteotako salneurriei eutsiko die Bizkaibus garraio zerbitzuak.
Hego Euskal Herriko hiriburuetako autobus zerbitzuei dagokienez, Gasteizko Tuvisa enpresak iragarri ditu prezio igoerarik handienak, baina ez biharko. Azaroan dagoeneko %11,8 garestitu zuen zerbitzua, eta jada aurreratu du maiatzean beste %10,5 garestituko duela. Iruñean hiru zentimo gehiago kostatuko da autobusez bidaiatzea, Donostian %1 gehiago, eta Bilbon aurtengo salneurri berak mantenduko ditu Bilbobus autobus zerbitzuak.
5. Ibilgailuak
Zortekoak Iruñeko eta Bilboko auto gidariak, bi hiriburu horietan izoztu egingo baitute ibilgailuen gaineko zerga. Aldiz, Gasteizen %5 eta %10 artean igoko da bihartik aurrera, ibilgailu motaren arabera. Donostian, batez beste %2 igoko da.
Argi ibili beharko dute, gainera, Arabako eta Gipuzkoako hiriburuetan autoa gaizki aparkatuta uzten duten gidariek, bihartik aurrera garabiaren zerbitzua %15 eta %10 garestiago izango baita, hurrenez hurren.
TAO gunean autoa aparkatzea ere ez da txantxa izango urte berrian. Gasteizen, hiru aldiz garestiagoa da azaroaren hasieratik eta bihar beste 10 zentimo garestituko da zerbitzua. Donostian ere prezio igoera izango du, baina %2koa baino txikiagoa. Beste bi hiriburuetan ez dute igoerarik iragarri. Autobideetako bidesariak ez dira garestituko urte berriarekin.
5. Zaborra
Gasteiztarrak izango dira zaborrak kudeatzeko zergan igoerarik handiena jasango dutenak, %9,2koa, hain zuzen. Donostiarrei %3,8 garestituko zaie zerbitzua; iruindarrei %1,5; eta bilbotarrei batere ez. Hego Euskal Herriko hiriburuetan Donostia da garestiena zaborraren zergari dagokionez, eta Iruñea merkeena.
7. Ura
Uraren zergari dagokionez ereGasteiztarrak dira prezio igoerarik handiena izango dutenak urte berriarekin. Izan ere, tasa %12,5 igotzea erabaki du Udalak. Gainerako hiriburuetan askoz igoera txikiagoak iragarri dituzte: %1,5ekoa Iruñean, %1ekoa Donostian eta igoerarik ez Bilbon. Europako Batasuneko zuzentarau baten arabera, 2012tik aurrera, kontsumitzaileek ordaindu beharko dituzte uraren kudeaketa gastu guztiak. Arabako hiriburuak neurri horretara urtez urte egokitzeko erabakia hartua du.