URTE HASIERAKO PREZIOEN IGOERA. «Prezioak KPItik gora igotzea gehiegikeria hutsa da»

Donostia
2009ko abenduaren 31
00:00
Entzun
Familia askok duten egoera ekonomiko estua ikusita, prezio igoerek KPI kontsumo prezioen indizea baino txikiagoak izan beharko luketela iritzi dio Euskal Herriko Kontsumitzaileen Antolaketako lehendakari Koldo Nabaskuesek (Bilbo, 1946). Bilboko Udalaren jarrera txalotu du, zergak izoztea erabaki duelako, eta gainerako udalek eredutzat hartu beharko luketela dio.

Urte berriarekin prezio igoerak etorri ohi dira, eta 2010a ez da gutxiagorako izango.

Dirudienez, KPIa %1 inguruan ibiliko da, eta, gure ustez, igoerek KPIaren azpitik egon beharko lukete, familiek bizi duten egoera inoizko txarrena baita. Gehienera, KPIaren pareko igoera bat onartuko genuke, baina inolaz ere ez handik gorakoa, horrek erosteko ahalmena txikitzea dakarrelako. Hortik gorako guztia gehiegikeria eta inposaketa hutsa iruditzen zaigu. Fakturak bidaltzerakoan bai, baina prezioak ezartzerakoan ez dituzte bezeroak ezertarako kontuan hartzen, ematen du ez daukagula zer esanik. Akziodunak gustura uztea eta ahalik eta dibidendu handienak banatzea besterik ez dute buruan. Gaur egungo egoera sozioekonomikoari begiratu behar liokete prezioak igotzeko orduan.

Bilboko Udalak zerbitzu guztien prezioak eta zerga tasa guztiak izoztea erabaki du.

Bilbok hartutako erabakiak eredugarri izan behar luke gainerako hiriburu eta herri guztientzat. Baina ez da aski zergak ez igotzea, gauza bera egin beharko lukete bestelako zerbitzu unibertsal guztiekin ere, hau da, telefonoarekin, argindarrarekin, garraio publikoarekin...

Gasteizek, aldiz, %12,5 igoko du uraren zerga eta %9,2 zaborrarena.

Erabat lotsagarri iruditzen zait igoera horiek ezartzea, jakinda familiak zer egoera ekonomiko pasatzen ari diren.Urarekin, zaborrarekin eta beste zerbitzu batzuekin gertatzen dena da, herritarroi, erabiltzen, gastatzen edo kontsumitzen dugunaz gain, azpiegiturak hobetzeko egiten dituzten lan guztien gastuak ordainarazten dizkigutela, eta hori onartezina da. Guri kontsumitzen duguna ordaintzea dagokigu, eta ez besterik.

Zein gomendio emango zenizkieke familiei, urte berrian alferrikako gasturik egin ez dezaten.

Guk beti gauza bera esaten diegu: zuhurrak izan daitezela, eta euren benetako beharrez eta gastuez ohar daitezela; eta horrez gain, kreditu txartelekin kontuz ibil daitezela. Burugabekeria bat da txartela hartu eta bankuan dirutza izango bagenu bezala gastatzea, hurrengo hilaren 15ean dena ordaindu beharko dugula jakinda. Beraz, ondo legoke noizean behin kontuak egingo bagenitu: zenbat irabazten dugun hilean, zer gastu ditugun, zertan murriztu ditzakedan gastuak... horrela jakingo baitugu zenbat diru daukadan gastatzeko.

Espero dut, krisiak gure okerretatik ikasteko balioko duela, eta egoera ekonomikoa hobetzen hasten denean ez garela berriz lehengo kontsumoaren zurrunbilo hartan erori, dirua merke zegoelako. Baina, nazkatuta gaude beti herritarrari eskatzen gerrikoa estutu dezala, neurriz gasta dezala... Eta hor goian dauden horiek zer, ez dute ezer esatekorik edo egitekorik? Gauden egoeran bagaude, gure erruagatik baino gehiago, eurenagatik da. Beraz, has daitezela lehenbailehen arazoak konpontzen.

Zer esango zenieke, bada, hor goian dauden horiei?

Batetik, argiak izan daitezela eta garbi joka dezatela. Oraindik inork ez digu argitu finantza krisia konpontzeko zenbat diru jarri beharko dugun. 60.000 milioiz hitz egiten ari dira, baina inork ez daki ziur. Gardentasun falta izugarria da. Bestetik, banku sektorea babestu duten modu berean, familiak ere babes ditzatela. Batzuek ekonomiaren motorra izango dira, baina besteak gizartearen oinarria. Gainzorpetuta dauden familiak babesteko, adibidez, ez dago ez araurik ez legerik. Sekulako babes falta dago. Eta gainzorpetuei buruz hitz egiten dugunean, egoera horretara halabeharrez iritsi direnei buruz ari gara: bikotekidea hil zaileako, banandu egin direlako, lanik gabe geratu direlako...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.