Urte honetako balio apalenera jaitsi da euroa: 1,1906 dolar

AEBetako ekonomiak azkenaldian erakutsi duen susperraldia da beherakadaren arrazoi nagusia

Erredakzioa
2004ko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Urte honetako mailarik apalenera jaitsi zen euroa atzo. Europako Banku Zentralak emandako truke ofizialaren arabera, diru bakarra 1,1975 dolarretan zegoen. Frankfurten, baina, 1,1973 dolarretan zegoen eguerdian, aurretik 1,1906ko gutxieneko baliora jaitsi ondoren. Euroak joan den otsailaren 18an lortu zuen dolarrekiko goreneko balioa 1,2929, baina ordutik beherako joera izan du. Martxoaren 3an, 1,21 dolarrera jaitsi zen aurten lehenengo aldiz, Frantziak eta Alemaniak EBZri interes tasak jaisteko egindako presioa zela-eta. Oraingoan, ordea, AEBen susperraldiak eragin du beherakada.

Atzo ezagutu ziren AEBetan martxoko txikizkako salmenten zifrak, eta horrek guztiz baldintzatu zuen dibisa merkatuen jarduna. Aurreikuspenen arabera, %0,7 inguruko hazkundea izango zuen, eta hori dela-eta, Frankfurten inbertsiogile japoniarrek euroak saltzen hasi ziren dolarren truke. Haatik, behin betiko datua hori baino askoz hobeagoa izan zen, +%1,8koa, hain zuzen. Ondorioz, dolarraren gorakada areagotu egin zen.Gainera, badaude Estatu Batuetako ekonomia indarrean dagoela frogatzen duten beste zenbait adierazle. Hilabete haseran kaleratu zen txostenaren arabera, langabezia jaisten ari da. Martxoan 308.000 lanpostu berri sortu ziren, eta langabetuen diru laguntza eskariek behera egin zuten joan den astean. 14.000 izan ziren guztira, hau da, Bushen agintean izan den kopururik eskasena. Horrek guztiak, aldi berean, kontsumoaren gorakada ekarri du. Halaber, interes tasa baxuen laguntzaz, BPGa asko hazten ari da azkenaldian. Urte honetarako, %4ko hazkundea iragarri dute adituek.Hori gutxi balitz bezala, datorren astean, AEBetako enpresa handi askok IBM, CitiGroup, Intel eta State Street, bestek beste azken hiruhilabeteko emaitzak aurkeztuko dituzte. Aurreikuspenek diote balantze positiboa izango dutela, eta horrek areagotu egin dezake dolarraren gorako joera. Orobat, baliteke kontsumoa gehitzeak inflazioa eta interes tasak handitzea eragitea. Horiek horrela, adituek ez dute baztertzen euroak dolarrarekiko balioa irabazten jarraitzea: datozen egunetan, 1,175 dolarretara jaitsi daiteke. Hala eta guztiz ere, badago joera hori alda dezakeen beste faktore garrantzitsu bat: Irakeko gatazka. Izan ere, AEBetako egoera geopolitikoak eragin itzela du dibisa merkatuen nondik-norakoan. Mementuz, ordea, baikortasun giroa nagusitu da bertan: Bank Oneko ekonomista Ryan Shearen aburuz, «Inbertsiogileek AEBetako ekonomiaren inguruko datu positiboak espero dituzte ikusmin handiz».

EBko esportazioentzat mesedegarri

Europako Batasuneko herri esportatzaileentzat onuragarria da euroak balioa galtzea. Alemaniako Autogileen Federazioko lehendakari Bernd Gottschalk-ek, esate baterako, begi onez hartu zuen berria: «Dolarraren ahultasuna artifiziala zen. Ez zegoen datu ekonomikoetan oinarrituta. Euroaren balioa bide onean da orain», adierazi zuen. Izan ere, auto asko esportatzen ditu Alemaniak, eta euroaren goraldiak kalte handia eragin die, gehienbat AEBetan eta Japonian saltzen baitute. Japoniak, adibidez, ahalegin handia egin du yenak euroarekiko balio apala izateko, era horretan inportazioak merkatzeko.

Euroaren ahuleziak, nolanahi ere, badu bere alde txarra EBko kideentzako, inportazioak garestitzea eragiten baitu. Petrolioa dolarretan kotizatzen da, eta lehengai hori garestitzeak inflazioaren handitzea dakar berarekin. Edonola ere, bai Frantziak bai Alemaniak presio handia egin diote Europako Banku Zentralari, interes tasa jaitsiz euroaren debaluazioa eragiteko, eta lasaitu ederra hartuko zuten seguruenik atzoko berriarekin. Hain zuzen ere, EBZk euroaren eremuko interes tasa bere hartan uztea erabaki zuen joan den astean. Harrezkero, diruaren prezio ofizialak %2an jarraituko du, azkeneko hileetan bezala. EBZko lehendakari Jean Calude Tricheten lehentasun nagusia, kargua hartu zuenetik, inflazioa kontrolatzea izan da. Hori dela-eta, uko egin dio behin eta berriro interes tasak jaisteari. Madrilgo sarraskiaren ondorioz bazirudien erabaki hori hartuko zuela, baina alferrik. Trichetek honakoa esan zuen: «Gure iparrorratz magnetikoa prezioen egonkortasuna baino ez da. Ziur gaude alde horretatik egoera ekonomikoari ekarpen handia egin diezaiokegula».Orduan adierazi zuenez, Madrilgo erasoak eragin handirik ez zuen izan. Hala eta guztiz ere, «analisiak aldatzeko» prest dagoela nabarmendu zuen, baldin eta «egoera ekonomikoa aldatuko balitz». Ikusi beharko da euroaren beherakadak nola eragiten duen EBZaren jardunean.

-

ERRESERBA FEDERALA



Interes tasak handituko diren susmoa AEBetan



AEBtako Erreserba Federalak, egoera ekonomikoaren susperraldiak bultzatuta, interes tasak igoko dituela uste dute adituek. Gaur egun, II. Mundu Gerraz geroztik izan duten maila txikienean daude tasak, %1ean, hain zuzen. Orain arte, tasa hori luzerako izango dela adierazi du Fed-ek, ekonomiaren suspertzea ekarri duela argudiatuta. Haatik, eta aldaera ekonomikoak bide onean izaki, tasa igotzeko unerik aproposena izan daitekela diote adituek, inflazioa haz ez dadin. Horixe bera adierazi zuen joan den igandean San Frantziskoko erreserbako lehendakari Robert Parryk. Momentuz, AEBetako burtsetako indizeak jaitsi egin dira, errezelo hori inbertsiogileen artean zabaldu baita ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.