Urte txarra izan zen iazkoa Euskadiko Paperaren Klusterrarentzat. Elkarteko kide diren enpresek %10 gutxiago ekoiztu zuten. Are handiagoa izan zen fakturazioaren jaitsiera: %20 murriztu zen papera eta orea egiten dituztenen artean, eta %38 ekipamendu ondasunak egiten dituztenen artean. Aurten sektorean susperraldi txiki bat nabari dutela dio Rafael Sarrionandia klusterreko presidenteak. Halere, egoerak «korapilatsua» izaten jarraituko duela gaineratu du.
Guztiak papergintzakoak izan arren, era askotako jardueretan aritzen diren enpresak daude klusterrean. Denera, 21 bazkide dira: horietatik bederatzik papera eta orea egiten dute; beste bederatzik ekipamendu ondasunak; bik eraldatze lanak; eta azkena, Tolosako paper eskola da. Sarrionandiaren esanetan, guztien artean emaitzarik txarrenak ekipamenduak egiten dituztenek izan zituzten iaz.«Krisia dela eta, inbertsio txikiak nahiz handiak geratu egin dira», azaldu du.
Alabaina, esportazioetan emaitzak hobetzeko gai izan dira klusterreko enpresak. 250 milioi euro lortu zituzten kanpora bidalitako produktuei esker, eta dagoeneko fakturazioaren %44 esportazioetatik erdiesten dute. 2008tik joan den urtera %10 igo zen kopurua.Europara saltzen dute gehien Araba, Bizkai eta Gipuzkoako sektoreko enpresek, %74, hain zuzen. %16 Ekialde Hurbilera eta Afrikara; %6 Amerikara eta %4 Asiara.
«Zuhurtasun» eskaera
Aurtengo lehen hilabeteetan eskaerak gehitu egin direla dio Sarrionandiak. Paketatzeko paperean izan da gorakadarik handiena, %19,3koa; aldiz, %9 jaitsi dira prentsa eta arte grafikoetarako paperaren eskaerak.
Hala ere, «zuhurtasuna» eskatu du: «Alde batetik, ezerk ez digu bermatzen uda ondoren eskaerek gora jarraituko dutela. Horrez gain, lehengaien prezioak asko igo dira», zehaztu du. Enplegu aldetik inor ez bidaltzeko «esfortzua» egin dutela enpresek nabarmendu du klusterreko presidenteak, nahiz eta horretarako enplegua erregulatzeko espedienteak aurkeztu behar.
Urte zaila espero du Paperaren Klusterrak, eskaerak gehitu arren
2009an %10 gutxiago ekoiztu dute elkarteko enpresek; fakturazioa, aldiz, %22,5 jaitsi da batez beste
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu