Aurreikuspenak

Urtea %10eko langabezia tasarekin ixtea espero du Confebaskek

EAEko ekonomia %3 haziko da aurten, patronalaren arabera.

Jon Fernandez.
2017ko uztailaren 20a
07:32
Entzun

Abenduan egindako aurreikuspenak berritu ditu gaur Confebaskek, Bilbon egindako kontseilu orokorrean, eta oraingo aurreikuspenak baikorragoak dira. 2017an, BPG barne produktu gordinaren hazkundea uste baino bost hamarren handiagoa izango dela azaldu du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako patronalak: %3koa.

Aurten, gainera, 75.000 kontratu mugagabe sinatuko direla kalkulatu Confebaskek, "kopururik handiena 2007tik". Datu hori eskuan hartuta, Roberto Larrañagak gidatuko patronalak nabarmendu du aldibaterakotasun tasa "krisia baino lehenago baino txikiagoa" dela. Larrañagak berak azpimarratu du hamar langiletik zortzik kontratu mugagabea daukatela sektore pribatuan, sektore publikoan baino hamar puntu gehiago. INEren azken datuen arabera, nolanahi ere, kontratu berriak egiterakoan aldi baterakoak dira gehien-gehienak: ekainean sinatutako 129.008 kontratuetatik %6,5 baino ez ziren mugagabeak.

Edonola ere, Larrañagak adierazi du mugagabeko kontratazioa %14,4 handitu dela aurtengo lehen seihilekoan, eta aldi baterako kontratazioa, berriz, %4,8. Horrek erakusten du, Confebaskeko buruaren arabera, ekonomiaren onbideratzea egonkortzen ari dela, eta "kalitate hobeagoko enplegua" sortzen ari dela.

Larrañaga kexu agertu da, berak eskuan dituen datuak ikusita, "prekaritatea ez delako araua, nahiz eta batzuk behin eta berriz zabaldu mezu hori, kritika politikorako erabiltzeko asmoz, eraikuntza sozialerako baino gehiago".

Gizarte Segurantzako afiliatuak

Enplegu sorrerari dagokionez, patronalak aurreikusten du urtea amaitzerako Gizarte Segurantzan Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 20.000 afiliatu berri egongo direla, aurreikusi baino 4.000 gehiago. Horri esker, Confebaskek iragarri du urtea amaitzerako langabezia tasa %10 ingurura jaitsiko dela. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.