Igoera handia izan arren, ikuspuntu zabalago bat emanez gero, argi geratzen da ere ez dela hondamendia. Kontuan hartu behar da 2005eko maiatzean langabezia zenbatzeko metodologia aldatu zuela Inemek, eta sistema berri hori aintzat hartuta, 1996ra arteko uztaileko langabeziak neurtuz gero, 2007an lortu zen langabezia kopuru apalena. Eta, ondoren, langabe kopuru txikiena izan duten urteak 2006 eta 2008 izan dira. Adibide bat jartzearren, 1996ko uztailean metodologia berri horren arabera, 164.693 langabe zeuden Hego Euskal Herrian, eta aurten, berriz, 102.787.
Esanguratsua da lau herrialdeen artean joera desberdinak agertzea. Esate batera, Bizkaiak jarraitzen du edukitzen langabezia tasarik handiena (%8,42), baina langabe kopuruak behera egin duen herrialde bakarra izan da -539 langabe gutxiago, alegia-. Aldiz, egoera nabarmen aldatu da Nafarroan. Duela hilabete batzuk, Gipuzkoarekin batera foru erkidegoak zuen langabezia tasarik handiena -iazko uztailean, adibidez, %6,6koa-, eta, orain, ordea, %8,2raino igo da. Nafarroan, ekainean baino 1.205 langabe gehiago zenbatu ditu Inemek (%5,3 gehiago, alegia).
Sektore guztietan gora
Datu horiek ikusirik, Miguel Sanz Nafarroako lehendakaria ez da kontent agertu: «Inork ez du atsegin langabeziak gora egitea, baina aurreikusi zitekeen gertatuko zela». Nahiz eta datu txarrak izan, Sanzek nabarmendu du Espainiako beste autonomia erkidegoekin alderatuta, Nafarroa «oso ondo» gainditzen ari dela krisia.
Ez du ikuspuntu bera LABek. Sindikatu abertzaleak azpimarratu du Nafarroako datuengatik izan ez balitz, Hego Euskal Herrian langabeziak behera egingo zuela. Hala ere, sindikatuaren arabera, kezkagarriagoa da sektore ekonomiko guztietan langabeziak gora egin izana.
Are kezkagarriagoa da batez ere eraikuntzaren bilakaera. Izan ere, krisia bete-betean nozitu duen sektore horretan langabeziak %38,94 egin du gora, eta %31 2006ko uztailarekin alderatuz gero: nekazaritzan, berriz, %17,8; industrian, %6,7; eta zerbitzuetan, %9,3 -ikus goiko datua-.
Kontratazioari dagokionez,lan merkatuan behin-behineko kontratuak egiten dira batik bat. Izan ere, Hego Euskal Herrian uztailean 100.383 kontratu izenpetu baziren, horietatik, %7,73 baino ez ziren finkoak izan. Gainontzeko 92.519 kontratuak aldi baterakoak ziren.
Espainian, 2.426.916 langabe zenbatu ditu Inemek, iaz baino 456.578 gehiago. Hego Euskal Herrian %11,1 igo da; eta Espainian, bikoitza: %23,17.
Sektoreka
%38,94
Eraikuntza. Sektore horretan igo da gehien langabezia. Urte batean buruan, %38,94 igo da; iaz baino 3.073 lagun gehiago daude lanik gabe. 2007tik 2006ra %5,69 jaitsi zen langabezia.Nekazaritza. 192 langabe gehiago zenbatu ditu, %17,78 gehiago alegia.
Industria. Igoera txikiena industrian izan da. Langabezia %6,7 igo da.
Zerbitzuak. Sektore horretan ere asko igo da: 5.676 (%9,31) gehiago. Guztira, uztailean, 66.651 herritar zeuden Inemen izena emanda zerbitzuen alorrean.