21.691 lagun ari ziren urtarrilean lan bila Ipar Euskal Herrian, duela urtebete baino %7,5 gehiago. Horietarik %68k ez zuten batere lan egin urtarril guztian. Bestalde, langabezia tasa %8,4koa izan zen. 2009ko bigarren hiruhilekoaz geroztik mantendu da hein horretan. Gutxieneko errenta (RSA) jasotzen dutenen kopurua ere %3,1 igo zen iaz, eta gutxieneko errenta jasotzen dutenen %57,8, gainera, langabeak dira. Ipar Euskal Herriko egoera-sozioekonomikoa hobetuz ez doala islatzen dute zifra horiek.
Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako egoera ekonomikoaren berri eman zuen atzo Baionako Merkataritza eta Industria Ganberak (MIG). «2011ko lehen hilabeteetan ekonomia berriz azkartu zela sendi bagenuen ere, jarduera ekonomikoaren hobetze perspektibak atzeratu dizkigute mundu mailako finantzen eta bankuen arloetako nahasmenduek», Andre Garreta MIGeko presidentearen hitzetan.
Iazko urtea «gazi-gozoa» izan zela gehitu zuen. Hain zuzen, nahiz lan bilatzaileen kopurua emendatuz joan, sektore pribatuko lanpostu kopurua %1,5 emendatu zen 2011n, eta, batez beste, soldatak ere %2,7 igo ziren. Azken hiruhilekoan, 500 lanpostu sortu ziren, horietarik 120 industrian.
Sektore horretako enpleguari «balio handiagoa emanaraztea» du MIGek helburu, Peio Olhagarai erakundeko Garapen Ekonomikorako zuzendariak azaldu zuenez. Besteak beste, «industrian sortu lanpostu batek zeharka beste hiru dituelako sortzen». Industriaren garapena haien lehentasunetan jarria dute: «Nire lurraldea maite dut; ezin dezakegu zernahi egin, baina zor zaion tokia eman behar diogu industriari», Garretaren hitzetan.
Baionako industria portua «ekonomia azkar baten birika» dela zioen atzo Garretak: 3.500 enplegu, 3.724.664tona ekoizpen garraiatuak, 580 milioi euroko aberastasuna berriz banaturik urtean... Portuaren irudia «garbitzea» du xede Garretak.
Hain zuzen, Fertiladour eta Yara enpresek kutsadurari loturiko hainbat dosier dituzte esku artean. Haatik, Garretak dioenez, portuan dagoena «ez da kutsadura». Usain txarra dagoela dio, eta errautsak. Portuko trafikoak %11,6ko jaitsiera izan zuen iaz, hots, 487.560 tona gutxiago garraiatu zituzten bertatik. Landetako egur gutxiago garraiatu izana da MIGek azalduriko arrazoi nagusia. Hain zuzen, 2010az %44,4 gutxitu zen portutik garraiatutako egur kopurua. Haatik, egur landua asko garraiatu da, 2010ean baino askoz gehiago:plaka txikien garraioa %29,3 emendatu da, eta egur aglomeratuarena, berriz, %260.
Enpresaburu gehienak, baikor
Inkesta bat egin diete 600 enpresabururi, eta haren emaitzen berri ere eman zuten atzo. Aurtengo urtarrilean, hirutik bik zioten baikorrak zirela geroari begira; %20, haatik, kezkaturik zeuden. Hiru enpresaburutik batek uste du negozio zifra igoko dela 2012ko lehen seihilekoan; %22k inbertsioak egitea espero dute; %21ek, errentagarriagoak izatea, eta %12k, langile gehiago kontratatzea.
Iaz, galdera bera egin zieten. Galdetutakoen lautik batek zuen negozio zifraren emendioa aurreikusten; azkenean, ordea, %39k lortu zuten negozio bolumena handitzea.
Urtebetean %7,5 igo da Ipar Euskal Herrian lan bila ari direnen kopurua
Gutxieneko errenta jasotzen dutenen kopurua %3,1 hazi da urtebetean, eta %57 langabeak dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu