Urtebetean berriztagarrien ahalmena %50 handitu da munduan

IEAren arabera, azken bi hamarkadetako hazkunde erritmo azkarrena izan du. Herrialdeen artean, Txina nabarmendu da; eta teknologietan, fotovoltaikoa.

EGUZKI ENERGIA
Txinako Jiangsu probintzian jarritako planta fotovoltaiko bat, hilerri baten alboan. ALEX PLAVEVSKI / EFE
jokin sagarzazu
2024ko urtarrilaren 11
13:20
Entzun

2023a energia berriztagarrien urtea izan da. Ekoizpen ahalmena ia %50 handitu dute mundu osoan — ia 510 gigawatt (GW) 2023an —, eta azken bi hamarkadetako hazkunde erritmorik azkarrena izan dute. Europak eta AEBek maximo historikoak lortu dituzte, baina batez ere herrialde bat nabarmendu da: Txina. Mundu osoak 2022an adina eguzki energia fotovoltaiko jarri du martxan Txinak 2023an, eta energia eolikoaren ahalmena %66 handitu du. Teknologien artean bat gailendu da: fotovoltaikoa. Iturri hori darabilte mundu osoan 2023an sartu ziren energia berrien hiru laurdenek.

Horiek dira IEA Energiaren Nazioarteko Agentziaren energia berriztagarriei buruzko txostenaren ondorio nagusiak. Erakunde horren arabera, berriztagarrien hazkunde «ikusgarri» horrek aukera ematen du gobernuek azaroaren 28ko COP28an Dubain adostutako konpromisoa bete dezaten. 2030erako berriztagarriaren ahalmena hirukoiztea erabaki zuten, erregai fosilen kontsumoa murrizteko eta 2050ean zero isurien helburura iristeko.

Dena den, IEArentzat, oraindik ahalegin handiagoa egin behar da. Haren aurreikuspenen arabera, gaur egungo baldintzekin, berriztagarrien ahalmena 2,5 aldiz handituko litzateke 2030erako. Guztira, 7.300 GWko potentzia instalatua egongo litzateke, eta helburua 11.000 GW da.

Bost urte barru

Datozen bost urteetan berriztagarriaren arloan hainbat mugarri gaindituko dira. 2024an, energia eolikoak eta fotovoltaikoak, elkarrekin, energia hidroelektrikoak baino elektrizitate gehiago sortuko dute. 2025ean, berriztagarriak elektrizitatea sortzeko iturri nagusi bihurtuko dira. 2026an, eolikoak energia nuklearra gaindituko du, eta 2026an fotovoltaikoak gauza bera egingo du. 2028an, berriztagarriak munduko elektrizitatearen %42 sortuko dute. Eta 2028an energia elektriko berriztagarria 2022an baino %70 gehiago sortuko da.

IEAren arabera, gaur egun energia berriztagarrien ekoizpen ahalmena herrialde gutxi batzuen esku dago: G20koek dute produkzio osoaren %90. «Niretzat, erronkarik garrantzitsuena finantzaketa eta hedapena azkar handitzea da, bereziki gorabidean diren eta garatzen ari diren ekonomietan. Herrialde horietako asko atzean geratzen ari dira energia ekonomia berrian», ohartarazi du Fatih Birol IEAko zuzendari exekutiboak.

Txina funtsezkoa izango da trantsizio horretan. Iaz, ia % 50 handitu zuen berriztagarrien ekoizpen ahalmena. IEAren aurreikuspenen arabera, datozen bost urteetan hiru aldiz handituko du egun duen gaitasuna, eta mundu osoko elektrizitate berriztagarriaren erdia inguru produzituko du. Europak eta AEBek, egungoa halako bi gehiago ekoiztuko dute.

Hidrogenoa, motel

IEAk azpimarratu duenez, datozen bost urteetan energia instalazio berri gehienak fotovoltaikoak eta eolikoak izango dira —energia produkzio berriaren %96—, teknologia horiek ekoizpen kostu txikiagoak dituztelako—oro har, eguzki plakak %50 merkatu dira—  eta herrialde askotan dauden laguntza politika publikoengatik.

Europan eta AEBetan, erronka nagusia eolikoa izango da, eta, batez ere, itsasokoa. IEAren arabera, teknologia horren traba nagusiak dira hornikuntza kateetan dauden etenaldi jarraituak, ekoizpen kostu garestiagoak eta baimenak lortzeko epe luzeagoak.

Beste puntu kritikoetako bat hidrogenoa da. Proiektu eta oliobide berrien iragarpenak gorabehera, teknologia hori motel garatzen ari dela ohartarazi du IEAk. Eta hori, batez ere, erosle faltaren eta ekoizpen kostu garestien ondorio dela. Hori horrela, energia agentziak asko murriztu du datozen bost urteetara begirako hazkundea: 45 GW gehiago. Aurretik iragarritakoaren %7 baino ez.

Aldiz, adierazi du bioerregaien ekoizpena «bizkortzen» ari dela eta datozen bost urteetan %30 haziko dela, batez ere dieselaren eta hegazkinen ordezko gisa. Eta beroa sortzeko teknologia berriztagarriak —galdara elektrikoak eta bero ponpak— nabarmendu ditu. Aldi horretan %40 handitzea aurreikusten du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.