Enpleguaren datuak oso txarrak izanik ere, Yolanda Barcina Nafarroako lehendakariak burua altxatu du, eta baikortasuna azaldu du: "Lehen aldiz, urte arteko datuak onak izan dira". Mariano Rajoy Espainiako presidentearen tesi berari heldu zaio Barcina. "Datuok oraindik ez dute balio izan enplegua sortzeko, baina orain arteko esfortzuak merezi izan du".
Lehen hiruhilekoko barne produktu gordinaren datuak aurreratu ditu gobernuak. Hirugarren hiruhilekoz jarraian, ekonomiak gora egin du, baina, lehen aldiz, urte arteko tasa positiboa izan da: %0,6koa. Hartara, gobernuaren arabera, Nafarroak agur esan dio atzeraldiari. “Errealitate teknikoa da hori”, nabarmendu du presidenteak.
Hiru urte atzera egin beharra dago azkeneko aldiz hiru hiruhilekotan jarraian ekonomia handitzen ikusteko. Hain zuzen ere, 2011 amaieran sartu zen atzeraldian Nafarroa, eta 21 hilabetetan zulotik irten gabe egon zen. Epe horretan, %3,3 egin zuen atzera ekonomiak. Iazko udatik, berriz, gorantz egin du BPGk. Barcinaren ustez, susperraldia “sendotzen ari da”.
Nafarroako Gobernuaren baikortasunak hiru helduleku ditu: Alde batetik, industria jarduera otsailean %0,2 handitu zen; bigarrenik enpresen konfiantza adierazleak hobera egin du; eta, azkenik, urteko lehen bi hilabetetan esportazioak %13,3 handitu dira.
Datu guztiok aintzat hartuta, bere aurreikuspen ekonomikoak hobetu egin ditu UPNren exekutiboak. Urte honetarako %0,6ko hazkunde ekonomikoa espero zuen, baina orain %1,1era handitu du aurreikuspena. “Espero dugu hori guztia lehenbailehen enpleguan islatzea, horixe baita krisiak eragindako arazo nagusia”, adierazi du Barcinak.
Ekonomia
Urtebetean, Nafarroako ekonomia %0,6 handitu da
Iazko azken hiruhilekoaren aldean, %0,4 hazi da barne produktu gordina, eta gobernuak %1,1era igo du 2014ko hazkunde aurreikuspena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu