Urteko 232 lanordu antzuak

Lana astialdiarekin eta familiarekin bateregarri bihurtzeko proiektuaren lehen saioa egingo du Jaurlaritzak Bellota, Euskaltel, Lazpiur eta Vadillo enpresetan.

Mikel Carramiñana.
Bilbo
2010eko uztailaren 17a
00:00
Entzun
Bulegoan ordu gehien ematen dituenak ez da zertan enpresako langile errentagarriena izango. Are gehiago, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako langileek Europako iparraldeko herrialdeetako batez besteko lanaldiak gainditzen badituzte ere, ez dira emankorragoak. Hala erakusten dute ikerketek: Herbehereetako, Alemaniako eta Belgikako langileek baino 232 lanordu gehiago egiten dira Espainian urtean, eta, hala ere, azken horien erdia ekoizten da.

Astialdirako eta familiarekin denbora gehiago egoteko aukerak produkzioari eragiten diolako, Eusko Jaurlaritzako Lan eta Gizarte Gaietarako Sailak laneko ordutegiak aldatu nahi ditu EAEko enpresetan.

Helburu horrekin garatuko duen programaren lehen saioak Bellota Herramientas, Euskaltel, Vadillo Asesores eta Lazpiur SL enpresetan egindo dituztela jakinarazi zuen atzo Gemma Zabaleta sailburuak. Haren esanetan, lan harremanak eta kultura aldatzeko erantzukizuna guztiena da: «Langileek, enpresaburuek eta administrazioak elkarrekin hartu beharko dute konpromiso hori».

Proiektuak bi helburu dituela azaldu du Lan eta Gizarte Gaietarako sailburuak. Batetik, parte hartzen duten enpresei laguntza eta babesa eskaintzea ordutegi eredu berria ezartzeko prozesuan. Bestetik, euskal enpresen eskura egongo den metodologia sortu nahi dute lehen saioetan oinarrituta, aldaketak modu arrakastatsuan ezar daitezen.

Sektore ugaritako enpresen elkarlana lortu nahi izan du Jaurlaritzak programa martxan jartzeko, industria, zerbitzu eta telekomunikazio enpresetan ordutegi aldaketak ezartzeko egon daitezkeen egoerak eta oztopoak desberdinak izango direlakoan.

Urtea amaitu aurretik, irailean eta urrian, diagnosia egingo dute eta 2011ko martxoan emaitzak aztertuko dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.