Urte hasiera txarra izan da enpleguarentzat Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Lanpostu galera bizkortu da, nabarmen, eta langabeziak gora jarraitzen du, etenik gabe. Urtarriletik martxora bitartean, 16.400 enplegu galdu dira, Eustatek argitaratuko azken datuen arabera. Krisia hasi zenetik izan diren hiruhileko txarrenen artean, hirugarrena.
Beste neurgailuek iradokitzen zutena egiaztatu dute Euskal Estatistika Erakundearen emaitzek. Langabeziari dagokionez, beste 16.500 lagunek eman dute izena Lanbideko bulegoetan urtea hasi zenetik. Eustatek kopuru hori leundu du, eta 8.700 gehiago zenbatu ditu. Kontuan hartu behar da Lanbidek erroldatutako langabeak zenbatzen dituela, eta Eustatena galdeketa bat dela.
Populazioa jardueraren arabera sailtzen duen inkestak 125.600 langabe kalkulatu ditu Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Langabe kopururik handiena da 2000. urteko udazkenetik. Langabezia tasa ia puntu bat handitu da, eta %12 gainditu du (%12,1). Europako Batasunaren batez bestekoa ia bi puntu pasatu du (%10,2). Tasarik handiena da 2001. urteko lehen hiruhilekotik.
Bizkaian eta Gipuzkoan gora egin zuen langabeziak. Arabak, ordea, 800 langabe gutxiago izan zituen. Arabak du, gainera, langabezia tasarik txikiena (%6,8), Bizkaikoaren erdia baino gutxiago. Datua ontzat jo du Arabako patronalak, baina kezkatuta agertu da okupazioaren jaitsierarekin. Hiru langabetik bi bizi dira Bizkaian. Kopuru horrek herrialdeak EAEko populazioan duen pisua gainditzen du (%53).
Emakumeentzat izan da batez ere kaltegarria urtearen hasiera. Inkestaren arabera, 6.600 emakume gehiago daude lanik gabe, guztietatik hiru laurden. Emakumeen langabezia tasa gizonena baino txikiagoa da (%11,5 eta %12,6). Hala ere, kontuan hartu behar da emakumeen jarduera tasa gizonena baino hamahiru puntu txikiagoa dela. Adinari dagokionez, gazteen langabezia tasa %26,4koa da, adin tarte guztietatik handiena. 16 eta 24 urte bitarteko 13.200 lagun daude lanik gabe.
Industria, hobeto
Ekonomiaren ahulezia enpleguan izaten ari den eragina islatzen dute okupazioaren datuek. Azken finean, posible da okupatutako pertsona gutxiago izatea galdutako lanpostuekin parekatzea, eta langabeziaren gorabeheretan faktore gehiagok eragina dute, besteak beste, aktiboen kopuruak. Urteko lehen hiruhilekoan galdutako lanpostuen %64 emakumeenak ziren: 10.500 guztira.
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan okupatutako langileak 912.300 dira. Kopururik txikiena da 2003. urteko udaberritik. Okupazioak goia jo zuen 2008ko udazkenean, Lehman Brothers erori eta ekonomia globala atzeraldi handian sartu zen unean. Krisiaren zauria agerian uzten du alderaketak: ordutik hona 80.000 lanpostu galdu ditu EAEko ekonomiak.
Okupazioaren datu orokorra txarra da, baina sektoreen artean industria salbatu egin da: 900 okupatu gehiagorekin. Haatik, orain dela urtebete baino ia 9.000 okupatu gutxiago ditu bigarren sektoreak. Zerbitzuetan, 12.900 lanpostu galdu ziren, eta eraikuntzan, 4.100. Okupatutako langile guztietatik %68,5 zerbitzuetan ari dira lanean. Zerbitzuen pisua ia lau puntu handitu da krisia hasi zenetik, eta beste sektore guztienak atzera egin du.
Eustaten inkestaren arabera, 39.500 etxebizitzatan kide guztiak langabezian daude, iaz baino 6.400 gehiagotan. Etxebizitza guztietatik %4,6 dira. Krisia hasi aurretik soilik %1,5 ziren. Kide guztiak lanean dituzten familiak %55,5 dira, orain dela lau urte baino hamar puntu gutxiago.
Urteko lehen hiruhilekoan 16.400 lanpostu galdu dira Araba, Bizkai eta Gipuzkoan
Krisia hasi zenetik beste bi bider bakarrik galdu da hainbeste; langabe kopuruak ere gora egin du berriro
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu