Hein handi batean Alemaniaren moteltzeari lepora dakioke iazko azken hiruhilekoaren datu txarra -euroaren eremuko ekonomiaren %27 osatzen du-. Urritik abendurako BPGa uztailetik irailerakoaren berdina izan zen. Hirugarren hiruhilekoan %0,7 hazi zen aurreko tarte horrekiko, eta %0,4 bigarrenean lehenengoarekiko. Alemaniako Estatistika Bulegoaren arabera, esportazioek baizik ez diote goranzko joerari eutsi. Herritarren kontsumoa apaldu egin da, besteak beste, autoak erosteko laguntzarik ez delako izan. Negua ohi baino gogorragoa izan dela ere aintzat hartzeko eskatu du Axel Weber Bundesbankeko presidenteak.
Alemaniaren datua nahikoa izan da Frantziaren bilakaera ona iluntzeko: %0,6 hazi da, aurreko hiruhilekoetan baino gehiago (%0,3 eta %0,2, hurrenez hurren). Herrialde horretan gora egin du kontsumoak, autoak berritzeko laguntzak artean indarrean daudelako. INSEE estatistika erakundeak nabarmendu du enpresek stock-ak hustu dituztela, eta industriaren ekoizpenak %0,6 egin duela gora. Batez beste %2,2 txikitu zen Frantziako ekonomia iaz, baina urtea hobeto bukatu du: 2009ko azken hiruhilekoko BPGa 2008ko azkenekoa baino %0,3 txikiagoa baizik ez zen iaz. Euroaren eremuko %22 dagokio Frantziako ekonomiari.
Italia ere atzeraldian
Gauzak nabarmen okerrago daude Europako Batasuneko beste hiru ekonomia handietan. Erresuma Batuak ozta-ozta gainditu du atzeraldia, %0,1eko hazkundearekin. Egoera hartan jarraitzen du Espainiak, ekonomia %0,1 uzkurtu baitzitzaion 2009ko azken hilabeteotan. Edonola ere, interpretazio ona egin du Elena Salgado Espainiako Ekonomia ministroak, eta 2010a hazkunde txikiarekin hasi dela iradoki du.
Espainiak ez bezalaxe, Hego Euskal Herriak atzean utzi du erorketa: 2009ko hirugarren hiruhilekoan Nafarroak eta Gipuzkoak, eta laugarrenean Bizkaiak eta Arabak.
Edonola ere, Espainiak ez dio atzeraldian dagoen ekonomia handi bakarra izateari utzi. Ustekabean, Italiako barne produktu gordina %0,2 txikitu da aurreko hiruhilekoarekin alderatuz gero.
Are okerragoa da egoera Baltikoko herrialdeetan. Letoniak ez du suspertzerik nabaritu, eta %3,2ko uzkurtzea izan du hiruhilekotik hiruhilekora. Urte arteko tasa are beldurgarriagoa da: %17,9 egin du atzera. Hobexeago ditu auzoak: Lituania hazi egin da azken hiruhilekoan, baina %13 txikitu da iaztik; Estonia atzeralditik atera da %2,6ko hazkundearekin, baina hango BPGa duela urtebete baino %9,4 txikiagoa da. Nazioarteko krisiari etxebizitzaren burbuilaren leherketa gehitu behar diote Baltikoan.
Datu txarrak izan dituzte Errumaniak (-%1,5) eta Greziak ere(-%0,8). Azken horretan gauzek okerrera egiteko aukera handiak daude, finantza merkatuek eta EBko bazkideek behartuta, gastu publikoa nabarmen murrizteko politikak indarrean jarri dituelako. Antzeko politika murriztaileak abiatu ditu Portugalek, eta hazkundea errotik moztu dute.
Erreserbak handitzeko agindu die Txinak bere bankuei, maileguak gutxitzearren
Bigarren aldiz hilabete bakarrean, Txinako bankuak erreserbak handitzera behartu dituzte agintariek. Hilaren 25etik aurrera, banku komertzialek beraien gordailuen %16 gorde beharko dute, orain baino 0,5 puntu gehiago. Neurriaren helburua da bankuek mailegu gutxiago ematea, ekonomia ez dadin gehiegi berotu. Urtarrilean ia 150.000 milioi euroko maileguak eman zituzten bankuek, aurreko hiru hilabeteotan bezainbeste. Urte hasieran kreditu gehiago ematea ohikoa da Txinan, bankuek urte osorako kuota ahal bezain goiz betetzen saiatzen direlako.Etxebizitza merkatua oso erritmo bizian ari da hazten Txinan. Atzo jakin zenez, etxebizitzen prezioak %9,5 egin zuen gora urtarrilean, iazko hilabete berarekin alderatuz gero. Bankuek bilioi bat euroko maileguak eman zituzten iaz, 2008an halako bi.