ENPLEGUA

Uztailetik urrira 9.600 enplegu gehiago sortu dira Hegoaldean

Apiriletik uztailera arteko datuekin alderatuta, 1.200 langabe gutxiago zenbatu ditu INEk

Erredakzioa
DONOSTIA
2004ko urriaren 27a
00:00
Entzun
INE Espainiako estatitistika erakundeak atzo plazaratutako datuen arabera, uztailetik urrira bitartean 9.600 enplegu gehiago sortu dira Hego Euskal Herrian bigarren hiruhilekoko emaitzekin alderatuz gero. Langabeziak, berriz, behera egin du eta 1.200 langabe gutxiago zenbatu dira lau herrialdeetan.

Duela urtebeteko datuekin erkatuz gero, Hegoaldean 2.900 langabe gutxiago daude, eta 2.000 enplegu gehiago sortu dira.

Gizonezkoen langabeziak emakumezkoena gainditu du

Hirugarren hiruhilekoko emaitzek ohiko joera apurtu dute, eta alde txikiagatik, gizonen langabeziak (51.700 lagun) emakumeena gainditu du (51.300). Adierazgarria da 12 hilabeteotan emakumeen langabeziak egin duela behera, 8.100 emakume gutxiago baitaude lanik gabe.

Gizonezkoen langabeziak, aldiz, gora egin du: 5.200 langile gehiago geratu dira langabezian. Joera hori bera errepikatu da udaberriko emaitzekin alderatuz gero: 5.300 gizon gehiago geratu dira lanik gabe.Horregatik, LABek nabarmendu zuen emaitzak «nahiko onak» izan direla, baina «alde nabarmenak» daudela generoen artean. Herrialdeen artean ere alde handiak ikusten dituela azpimarratu zuen. Adibidez, Nafarroan %4,5ekoa da langabezia tasa; Bizkaian, aldiz, %10,95ekoa.LABen arabera, Nafarroan sortu diren 4.600 enpleguetatik guztiak gizonen esku geratu dira. Araban, 2.200 gizonek galdu dute lana. Gipuzkoan, 2.100 langile geratu dira lanik gabe: gizonen artean 3.100 gehiago. Azkenik, Bizkaian udaberriko emaitzekin alderatuta emaitzak hobetu diren arren, iazkoekin erkatuz gero, 6.700 enplegu galdu dira. «Salatu nahi dugu lan baldintza egongaitzeko enplegua sortzen ari dela. Bereziki larria da egoera gazteen eta emakumeen artean».

CCOOk atzo ohartarazi zuen Euskal Autonomia Erkidegoko enpleguaren datuak ez direla «politikari batzuek saldu nahi duten bezain onak». Sindikatuaren iritziz, botere publikoen ardura da «lan merkatuaren gainbehera moztea», eta Jaurlaritzako Lan Sailari leporatu zion gizarte elkarrizketa antolatzeko eskaerari entzungor egitea. «Arazook ez dira konpontzen gobernu zentrala eskumen faltaren errudun bihurtzen baduzu. Gizarte eragileekin batera, EAEko enpleguaren politika aktiboak kudeatzeko ardura hartu behar du».

Nafarroako Gobernuko Lan Kontseilaritzak nabarmendu zuen emaitzak «oso onak» izan direla Foru Erkidegoan, eta enplegua sortzen eta langabezia murrizten jarraitzen dutela. «Datu esanguratsua izanagatik, langabezia murrizketa baino, sortu den enplegu kopuru handia azpimarratu behar dugu». Espainian, 2.031.300 lagun daude lanik gabe, hirugarren hiruhilekoan 61.300 pertsonek lana topatu eta gero. Langabezia tasa %10,54ekoa da. Jesus Caldera Espainiako Lan ministroak nabarmendu zuen azken datuak «oso onak izan» direla, enplegua «sendo» sortzen ari baita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.