Behin eskatzen hasita, zergatik ez eskatu mila milioi euro gehiago? Valentziako Gobernuak 3.500 milioi euro eskatu behar zizkion Espainiako Erkidegoen Likideziarako Funtsari. Azkenean, ordea, 4.500 milioi euro baino gehiagoko erreskatea eskatuko dio. «Mila milioi euro baino gehiagoko gehigarria», esan du Alberto Fabra Valentziako Generalitateko presidenteak. Mila milioi euro horiek udalei eta elkarteei zor diena ordaintzeko izango dira.
Maximo Buch Ekonomia kontseilariak herenegun aurreratu zuen zein zen Generalitatearen asmoa: «Eman dezaketen diru guztia eskatzea», zor guztiak ordaintzeko. Fabrak ere horixe bera esan zuen atzo. Zor guztiak ordaintzea bai, baina gehiago zorpetuta eta Espainiako Gobernuak kate motzean lotzeko arriskuarekin. Baldintza nagusia defizit helburuak betetzea da.
Valentziak dirua lehenbailehen uzteko eskatu dio Espainiako Gobernuari. Horixe eskatu zion herenegun Kataluniak ere.Valentziak aurrerapen bat eskatu dio, premiazko ordainketak egiteko, likidezia funtsa antolatu eta abian jarri bitartean.
Katalunia eta Valentzia larri daude. Erreskatea behar dute zorrak ordaintzeko. Valentziak 1.600 milioi euroren zorra jaulkitzea espero zuen, baina ez zuen jaulki, zorraren merkatuak itxita dauzkalako. Aurtengo maiatzean Valentziak %7 inguruko interesa ordaindu behar izan zien inbertitzaileei sei hilabeterako 500 milioi euroren zorra erostearen truke, hau da, Greziak, Irlandak eta Potugalek baino gehiago. 1.600 milioi euroei gehitu behar zaie urtea amaitu bitartean 2.000 milioi euro bueltatu behar dituela. Espainiaren diruaren zain dago.
Valentziaren zor publikoa 22.500 milioi euro ingurukoa da, BPG barne produktu gordinaren ia %22.
4.000 milioi euro apirilean
Ez da Valentziak Espainiari dirua eskatu dion lehen aldia. Apirilean 4.069 milioi euro eskatu zizkion administrazioaren eta enpresa publikoen hornitzaileei ordaintzeko. Diru horren truke aurten 147 milioi euro ordaindu beharko ditu interesetan, eta 2013an, 294 milioi euro.
Fabraren arabera, Espainiaren erreskatearen menpe dago farmaziei ordaintzea. Valentziaren zorraren ondorioak muturreraino iritsi dira, eta eskolei ordaintzeko lanak izan ditu: iazko neguan hainbat ikastetxetan berogailuak piztu ezinik ibili ziren eta materiala errazionatu egin zuten, Generalitateak dirua ordaintzen ez zielako.
Orain arte hiru autonomia erkidegok eskatu dute erreskatea: Kataluniak 5.023 milioi euro, Valentziak 4.500 eta Murtziak 300. Beraz, ia 10.000 milioi euro. Erkidegoen Likideziarako Funtsak 18.000 milioi euro dauzka eta hirurek erdia baino gehiago eskatu diote jada.
Mariano Raxoi Espainiako Gobernuko presidenteak atzo ziurtatu zuen ez dagoela arriskurik funtsa bukatzeko: «Bai baitakit autonomia erkidegoek zenbat diru eskatuko duten». Urtea amaitu bitartean bueltatu behar duten zorrean oinarrituta esan zuen.
Valentziak 4.500 milioi euroko erreskatea nahi du
3.500 milioi euro eskatu behar zituen, baina mila milioi gehiago eskatzea erabaki du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu