Valentziak salbamendua eskatu dio Espainiari, zorrak pagatzerik ez duelako

Madrilek sortu berri duen Autonomien Likidezia Funts lehen erabiltzailea izango da Generalitatea

Iker Aranburu.
2012ko uztailaren 21a
00:00
Entzun
Espainiako Kongresuak onartu eta biharamonean jada erabiltzaile bat badu Autonomien Likidezia Funtsak. Valentziako Generalitateak haren laguntza eskatu du udalekin eta enpresekin dituen zorrak pagatzeko, eta diru-laguntzak emateko.

Espainiako Gobernuaren irakaspenei jarraituz, Valentziakoak gezurtatu egin du «erreskate bat» eskatu duenik. Are gehiago, «gure erkidegoaren ospea behin eta berriro zikindu nahi dutenen interesak» salatu ditu. Baina hitzak hitz, horixe da egin duena. Eurogunearen erreskate funtsetan oinarrituta dago Autonomien Likidezia Funtsa, eta haren sosak eskatzen dituzten erkidegoek bete egin beharko dituzte Espainiak finkatuko dizkien baldintza zorrotzak. «Baldintza berriak» izango direla aitortu du Cristobal Montoro Ogasun ministroak.

Generalitateak ez du zehaztu zenbat diru beharko duen, baina baliteke 3.400 milioi izatea. Horixe da Valentziak urtea amaitu arte itzuli behar duen zorra.

Adreiluaren eta azpiegitura ikusgarrien kulturaren erdigunea izan da Valentzia hainbat urtez, eta orain ari da ondorioak jasaten. Bere zorra BPGaren %20,5era iritsi da, defizitari ezin eutsi dabil eta eraikuntzaren amiltzeak eraginda, langabezia %30era hurbildu da. Merkatuek ateak itxi dizkiote eta urtea hasi denetik hainbat aldiz eskatu dio laguntza Espainiako Gobernuari langileekin eta hornitzaileekin zituen zorrak pagatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.