ekonomia

Vallsek berriro 49.3 artikulua erabili du Macron legea eztabaidatu gabe onartzeko

Ekonomia liberalizatzeko neurri sortak PSren ezkerreko adarraren botorik jasoko ez zuela ikusita, Frantziako lehen ministroak trikimailu konstituzional bat baliatu du.

Manuel Valls Frantziako lehen ministroa. YOAN VALAT, EFE
Iker Aranburu.
2015eko ekainaren 16a
21:11
Entzun

Bigarren aldiz azken lau hilabeteotan Frantziako Konstituzioak ematen dizkion botere berezi batzuk erabili ditu Manuel Valls lehen ministroak Macron legea pasarazteko. Konstituzioaren 49.3 artikuluaren bitartez, legegai bat eztabaidatu eta bozkatu gabe onartarazi dezake gobernuburuak. Neurri horrek badu arriskurik, oposizioak zentsura mozio bat jartzeko aukera ematen baitio. Ia ziurra da eskuinak urrats hori egingo duela. Aurrera egiteko aukerak hutsaren parekoak izan arren, mozioaren bidez Vallsen gobernuaren ahultasuna erakuts dezakeelako.

Vallsek ukatu egin du 49.3 artikulua erabili izana "autoritate ekintza" bat dela. Haren arabera, "eraginkortasun ekintza" bat da. "Nire iritziz funtsezkoa da fite ibiltzea", esan du.

Otsailaren 17an erabili zuen lehen aldiz 49.3 artikulua Vallsek, ekonomia liberalizatzeko legea Frantziako Asanblean lehen aldiz eztabaidatu zenean. Oso haserre erantzun zuen eskuineko zein ezkerreko oposizioak, baina baita Alderdi Sozialistako diputatu kritikoek ere, frondeur izenekoek. Hori bai, haserrea hitzetan geratu zen, eta ez ziren ausartu eskuinak aurkeztutako zentsura mozioaren alde egiten. Batzuek abstentziora jo zuten, eta gobernua botatzeko beharrezko zen gehiengotik urruti geratu ziren UMP eskuindarra (orain, Errepublikanoak) eta UDI zentrista: 234 diputatu zentsura mozioaren alde, eta 289 aurka.

Asanblearen langa lehen aldiz gainditu ostean legegaia Senatuan eztabaidatu dute azken asteotan. Organu horretan, ordea, eskuinak du nagusitasuna, eta proiektua asko aldatuta itzuli dute Asanbleara. Orain berriro itzuliko da Senatura, eta gero bueltan Asanbleara. François Hollande presidenteak esan du uztailaren 14rako nahi duela legea guztiz onartuta. "Uste dugu legea eraginkorra dela langabezia txikitzeko eta hazkundea bultzatzeko, eta oporren aurretik onartu nahi dugu, bestela ez baita irailaren 1era arte indarrean izango".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.