Urtebete zeramaten negoziatzen ontziolako zuzendaritza eta Van Oord Herbehereetako armadorea. Vox Alexia dragaontziaren kroskoa Sestaoko nasetan dago orduz gero. Gaur egun, Navalen banku hartzekodunen jabetza da kroskoa, ontziolak berme gisa jarri baitzuen itzuli ez dituen maileguetan. Europa Press agentziak aurreratu duenez, Van Oord-ek ez du Vox Alexia dragaontzia Sestaon amaituko, Navalek bere etorkizuna bermatuko duen inbertitzaile bat lortzen ez badu. Baldintza hori bete artean, lanak eten egin ditu armadoreak. Navaleko langileek batzarra egingo dute bihar, eta ondoren Barakaldon manifestazioa egingo dute.
Ontziolak, hala ere, dragaontzia egiteko itxaropenari eutsi dio. Jose Ignacio Escribese ontziolako zuzendari nagusiak adierazi duenez, armadoreak dragaontzia Sestaon (Bizkaia) amaitzeko "konpromisoa" du, baina horretarako inbertitzaileren batek enpresaren etorkizuna bermatzea ezinbesteko baldintza izango dela aitortu du.
Joan den astelehenean, Bilbon bildu ziren Espainiako Industria idazkari nagusi Raul Blanco, Eusko Jaurlaritzako kontseilariorde Javier Zarraonaindia, Pymar ontziolen elkarteko ordezkariak, konkurtsoko administratzailea, ontziolako zuzendaria eta zuzendariordea, Van Oord-eko kontseilari delegatua, dragaontziaren proiektuko zuzendaria eta Herbeheretako enbaxadako negozioetarako agregatua. Hiru ordu iraun zituen bileran, dragaontzia Sestaon eraikitzeko aukerak aztertu zituztela adierazi du Escribesek. Erakundeen aldetik oso "jarrera aktiboa" izan zela azaldu du. Escribeseren arabera, Van Oordeko kontseilari delegatuak adierazi zien dragaontzia Sestaon egiteko erabakia, baina "Navali jarraipena emateko berme ekonomiko nahikoak eskainiko dituen inbertitzaile bat" dagoenean.
Escribesek nabarmendu du dragaontzia Sestaon egitea dela Van Oord-en erabakia, Navalekiko "konfiantza" duelako eta "arraoizko" kostean egin daitekeelako. Escribesek gaineratu du Van Oord-ek ez duela arduradun bakarra izan nahi eta ontziolaren jabe izango de inbertitzaile bat nahi duela beste aldean. "Bost urte behar baditugu, Van Oord nekatu egingo da ziurrenik, baina aukera hori ez dago mahaiaren gainean". Ibertitzailerik ez bada, enkantean aterako dute ontziola.
"Hiru edo lau" inbertitzaile
Navalen inbertitzeko interesa duten "hiru edo lau industria enpresa" daudela adierazi du Escribesek. "Hori inbertsio batean gauzatu behar da sei eta hamabi hilabete arteko epean". Interesa agertu duten enpresa horiekin "serioski urratsak ematen" ari direla ziurtatu du, eta "konfiantza" sortzen dutela. "Ahal ekonomiko eta finantziarioa" dutela gaineratu du.
Navalek eskaintzak jasoko dituela ez du zalantzan jarri ontziolako zuzendari nagusiak. Inbertitzaileak eskaintzak prestatzen ari direla jakinarazi du. Gogorarazi duenez, enpresa likidazio prozesuan dago, eta, beraz, konkurtso administratzaileak ontziolak jasotzen dituen eskaitzak aztertu eta horietan "baldintzarik onenak" eskaintzen dituena aurkeztuko du epailearen aurrean. Escribeseren esanetan, baldintza horien artean egon beharko litzateke gutxienez bost urterako litzatekeen industria plan bat.
Navaleko langileek itxialdia egin zuten, joan den astean, ontziolan, langileen kaleratzearen kontra. Urriaren 10ean jakinarazi zuen enpresak ontziolako 177 langileak kaleratuko zituela. Escribesek baieztatu du enpresak epaitegiaren aurrean aurkeztu duela jada lan erregulazio espedientea.
Ontziolak "aurrera egin dezan" diru laguntza publikoa jasotzea Europako legediaren kontrakoa litzatekeela adierazi du Escribesek, baina egingarria ikusten du inbertitzaile batek eskaintza egiten badu, erakundeek hari laguntza finantzieroa ematea eta neurri jakin bateko parte hartze publikoa bultzatzea.
Eusko Legebiltzarrak Navalen etorkizuna bermatuko duen alternatiba publiko-pribatu bat bilatu dezala eskatu zion Eusko Jaurlaritzari, urriaren 11n. Testua onartu ostean, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapenerako sailburuak aurreratu zuen Jaurlaritza prest dagoela bost milioi euroko ekarpena egiteko ontziolan, baina betiere inbertitzaile pribatu bat agertzen bada, eta "parte hartze publikoa onartzen badu".
Ontziolaren egoerak zuzenean eragiten die harentzat lan egiten duten 400 bat enpresari, eta enpresa horietako 1.800 lanposturi.