Vascofar farmazia kooperatibak 44 langile kaleratzeko eta banaketa zerbitzua kanpora ateratzeko lan erregulazio espedientea aurkeztu zuen atzo. Joan den uztailean bi proposamen egin zituen zuzendaritzak: lehenik, enpresaren hitzarmena hautsi eta langileei estatu mailako farmazia banaketaren ituna aplikatzea, eta geroago, 56 urtetik gorakoei kotizazio oinarriak mantendu, langileen soldata %40 jaitsi eta 100 lanordu gehiago egitea. Langile batzordeak ez zuen onartu ez lehenengo proposamena ez bigarrena.LABek salatu du negoziazio horietan lan erregulazio espedientearen xantaia egon dela beti, eta horixe da hain zuzen, zuzendaritzak orain aurkeztu duena.
Zaratamon eta Gasteizen ditu egoitzak Vascofarrek, eta farmaziako produktu banatzaile nagusia da Araban eta Bizkaian. 2011ko abenduan amaitu zen kooperatibaren ordura arteko lan hitzarmena, eta horixe da negoziatu beharrekoa sindikatuen arabera. LABek ohartarazi du datorren uztailean desagertu egingo dela hitzarmen hori Espainiako Gobernuak iaz onartutako lan erreformaren ondorioz. Kasu horretan, estatu mailako itunaren menpe geratuko lirateke automatikoki langileak, eta euren lan baldintzak nabarmen okertu.
Kontua da sindikatuak ez datozela bat hartu beharreko jarreraren inguruan. LABek urtarrilaren 4an aurkeztu zuen mobilizazio egutegi bat egiteko proposamena, baina langile batzordeak atzera bota zuen USO eta ELA sindikatuek nahiago dutelako enpresak negoziazio ziklo berri bat zabaltzeko zain egon. LABen arabera, baina, konpainiak esana du negoziazio horiek espedientearen kontsulten barruan aurreikusten dituela. «Akats bat da errusiar erruleta martxan jarri arte zain egotea», LABen iritzian, horrek zuzendaritzaren jarrera sendotu dezakeelako.
Kaleratze mehatxuak leku askotan ari dira ugaritzen, eta era berean ari dira ugaltzen haien kontrako borrokak ere. Alfa taldeko zortzi langilek, esaterako, euren buruak kateatu zituzten atzo Kutxabankek Eibarren duen sukurtsal batean. Lan batzordeak «bankaren eta patronalaren aliantza kriminal eta ankerra» salatu nahi izan du, LABek azaldu duenez.
Alfak 115 milioi euro inguruko zorra du —«kudeaketa txarragatik», langileen arabera—, eta zor horren hartzekodunen %70 bankuak dira, bereziki Kutxabank. Hartzekodunen lehiaketan dago Alfa, zuzendaritza zorra negoziatzen ari da finantza erakundeekin, eta langileen esanetan, Kutxabank «baldintzak» jartzen ari da konpainiaren jarduera finantzatzen jarraitzeko. Lanpostuak desegitea eta soldatak jaistea lirateke baldintzetako batzuk, sindikatuaren esanetan. Zuzendaritzak 87 langile kaleratu nahi ditu Eibar eta Mallabiako plantetan, Eibarko langileei jada %10 jaitsi dizkiete soldatak, eta lansaria gehiago jaisteko legezko tramiteak hasiak ditu zuzendaritzak.
Ituna UTE Bilboko Lorategian
Eibarren baino aldarte hobea zuten atzo Zestoan, TS Fundiciones enpresan akordioa sinatu baitzuten zuzendaritzak eta langile batzordeak, zortzi hilabetetik gorako borrokaren ostean. Zuzendaritzak 50 lagun kaleratzeko dosierra proposatu zuen, baina itunari esker, bi urtez mantenduko dituzte egungo lanpostu guztiak —langileek hiru urte eskatzen zituzten euren proposamenean—. Ordainetan, %33 murriztuko diete lanaldia —%25 proposatzen zuen batzordeak—; hala ere, aurtengo soldata eta aparteko lan sari guztiak dagozkien egunetan kobratuko dituzte. Ituna sinatuta, greba bertan behera laga dute, eta astelehenean beharrera bueltatuko dira TS Fundicioneseko langileak.
Bilboko parkeen zaintzaz arduratzen den UTE Bilboko Lorategia enpresan ere akordioa lortu dute zuzendaritzak eta langile batzordeak: lan ituna blindatu dute eta kaleratutako langile batek bere postua berreskuratuko du.
Vascofar botika banatzaileak 44 langile kaleratu nahi ditu
Zestoako TS Fundicionesen akordioa sinatu dute zuzendaritzak eta langile batzordeak, eta astelehenean lanera bueltatuko diraAlfa taldeko langileek salatu dute Kutxabank kaleratzeak «ezartzen» ari dela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu