Langile batzordea eta New Collagenako zuzendaritza gerturatzen ari dira hainbat esparrutan, baina ez soldatenean, eta LAB sindikatuak ordu batzuk atzeratu du Villatuertako (Nafarroa) enpresa horretarako egindako greba mugagaberako deialdia. Sindikatuak bertan behera utzi du gaur abiatzekoa zen lanuztea, baina etziko deitu du. Azaroaren 15ean, 14:00etan, hiru eguneko greba hasiko da, beraz, eta azaroaren 18an, astelehenez, greba mugagabe bilakatuko da protesta 14:00etatik aurrera. Hori baino lehenago akordiorik lortzen ez bada, noski.
LABek adierazi du, ohar baten bidez, ez diola utziko "langileen eskaera justuen aldeko babesa emateari", eta "azken unera arte" negoziatzen jarraituko duela akordio on bat erdieste aldera. "Eta, hala ez balitz, ortziralean han egonen gara: kalean, aurpegia ematen".
Behien kolagenoa
Behien kolagenoa ustiatzen du enpresa horrek, eta sindikatuak dio fakturazioa bikoiztu egin duela azken hiru urteetan. Zazpi langile finko ditu enpresak, eta borrokari heltzea erabaki dute, Espainiako kimika alorreko hitzarmena atzean utzi eta enpresa itun bat lortzeko. LABek dio hiru urtean 3,5 milioi eurotik 7 milioira baino gehiagora egin duela salto fakturazioak, eta hala ere pertsonal gastuak %9 baino ez direla. Horrez gain, zazpi langileko lantalde txikia izanda ere, bost txandako lanaldiak egiten ditu.