EKONOMIA

Virtisuren porrota nahita eragindakoa izan zela ebatzi du epaileak

Bilboko Merkataritza Arloko 2. epaitegiak erruduntzat jo du Zallako paper konpainia, hartzekodunen lehiaketara "borondate propioz" jotzeagatik. 26 milioi euro ordaintzera zigortu du Jofel Industrial jabea, eta bost urteko inhabilitazioa ezarri dio.

Virtisu paper fabrikako langileak, 2013an, Zallatik Gasteizera 85 kilometroko martxa egiten. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS
Oihan Vitoria.
2016ko ekainaren 14a
07:48
Entzun

Borondatezkoa eta nahita eragindakoa. Halakoa izan zen, Bilboko Merkataritza Arloko 2. epaitegiaren iritziz, Zallako (Bizkaia) Virtisu konpainiaren 2012ko hartzekodunen lehiaketa. Epaileak errunduntzat jo du komuneko, sukaldeko eta industriarako papera ekoizten zuen enpresa, eta ordaindu gabe utzitako soldatak itzultzera —26 milioi euro gehi interesak— zigortu du. Bost urteko inhabilitazioa ere ezarri dio, Virtisuren porrota "iruzurra" izan zelakoan. Helegitea jartzeko aukera du orain Jofel Industrial jabeak.

ELAk salatu du Virtisuren akziodun nagusiak saldu egin zuela Zallako konpainia, eta ia 10 milioi euroko zorra barkatzeko agindu ziola haren administrazio kontseiluari, Jofelek Virtisuri beste 16 milioi euro zor zizkion bitartean. Sindikatuak gogoratu du ELAren zerbitzu juridikoek "beti" pentsatu izan dutela Jofel Industrialek zorrak pagatuko balizkio Virtisuri, krisitik at geratuko litzatekeela azken horren egoera ekonomikoa. "Eta hala ulertu dute epaitegian ere".

"Arrazoia eman digu"

Sindikatu abertzaleko ordezkariak pozik agertu badira ere, ez dira erabat fio, eta erne jarraituko dutela hitzeman dute, epaia irmo betetzen den eta Jofelek zor guztiak pagatzen dituen frogatzeko. ELAk, orobat, esker oneko hitzak izan ditu konkurtso administrazioarentzat. "Zintzo jokatzeagatik eta 100 langile zituen enpresa baten itxieraren errudunen atzetik joateagatik".

Bizkaiko Foru Aldundiak ere begi onez hartu du Virtisuren jabeen kontrako epaia. Elena Unzueta bozeramaileak gogorarazi du diputazioak "modu aktiboan" esku hartu zuela gatazkan, eta epaitegiak "arrazoia" eman diela orain. Aldundiari dagozkion eskubide ekonomikoak muturreraino defendatzeko prest agertu da Unzueta, baina zuhurtzia galdegin du, helegite baten beldur.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.