Nafarroako Volkswagenen SAS enpresa hornitzaileko langileek goizeko 6etan ekin diote langile batzordeak deitutako lau eguneko grebari. Langile batzordea UGT sindikatuko 9 ordezkarik osatzen dute, eta greba proposamena larunbatean egindako batzar batek berretsi zuen.
Grebaren deitzaileek bazekiten SASeko grebak berehalako eragina izango zuela Volkswagenenen, "eskariaren araberako" lan sistemarekin jarduten baitu.
SASeko zuzendaritzak eta langile batzordeak akordio bat sinatu zuten iaz Volkswagenenekin, lan-jarduna egokitzeko malgutasun akordioa izan zen. Sinatzeko garaian krisian zegoen autogintza sektorea. Akordio horren arabera lan-orduen gutxitzea sinatu zuten: 2002an 224 lan egun, 2003an 204 eta 2004an 213. Egun horiek malguak izateko akordioa sinatu zuten, ekoizpenaren araberakoa, alegia.
Hala ere, arazoa soldataren atala sinatzerakoan etorri da, lan egun bakoitzari dagokion soldata neurtzerakoan. Langile batzordeak 2003ko soldatatik abiatzeko eskaera egiten du. 2003ko soldata lan egindako 204 egunekin zatitzea eta diru-sari hori 2004ko 213 lan-egunen soldatarekin biderkatzea eskatzen dute. Zuzendaritzak ordea beste begi batzuekin ikusten du afera, eta kalkulua egiterakoan 2002ko lan-egunak hartu behar direla aintzat.
Printzipioz ostegunera arteko greba aurreikusten dute langile batzordekoek, eta gatazka konpontzen ez bada, otsailaren 10etik aurrera greba mugagabea deitzeko asmoa agertu dute. Jose Carlos Ruiz UGTko kideak "harriduraz" hartu du enpresako zuzendaritzaren jarrera.
Ekonomia-Lan gatazka
Volkswagenen ekoizpena etenda dago, SAS enpresa hornitzaileak lau eguneko greba hasi baitu
Iruñeko Volkswagen enpresaren ekoizpena etenda dago goizeko sei eta erdietatik, SAS enpresa hornitzaileak lau eguneko grebari ekin baitio goizeko seiretan, orain bi urte bi enpresek sinatutako malgutasun akordioa betetzen ez dela ikusita. Akordio hori Volkswagen enpresaren ekoizpen erritmora egokitzeko sinatu zuten. SAS enpresak autoetako aginte-mahaiak egiten ditu Polo motako autoentzako, eta bertako 185 langileak greban daude. Volkswagenen ekoizpenaren %70a geldirik dago, eta txapa eta pinturako sekzioak bakarrik ari dira lanean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu