«Erabat kakaztu gara». Esaldi esanguratsuarekin laburbildu zuen atzo Michael Horn AEBetako Volkswagen konpainiaren buruak autogile alemaniarraren egoera. «We tottally screwed up», bota zuen Hornek atzo, Bostonen, baita Volkswagen «desleiala» izan dela ere, «arautzaileekin eta publikoarekin».
Alemaniako industria boteretsuaren sinboloetako bat hausteko gai izan daitekeela pentsatzeko tartea zabaldu du emisioak faltsutzeko gai diren motorren iruzurrak; hain handia da AEBetan hasitako pitzadura. Emisioen neurketa manipulatzen duen software sekretuaren auziak mundu osora egin du salto jadanik. Volkswagenek onartu du motor softwaredun horiek 11 milioi autotan daudela merkatu anitzetan. Hondamendi hutsa da markarentzat, eta segurua da konpainiak inoizko krisi larrienetakoa daukala aurrez aurre bere 78 urteko historia luzean.
Hasteko, 2014ko irabazi guztiak (11.000 milioi euro) galdu zituen burtsan astelehenean, eta odolustea ez da bukatu, haren tituluen gainbehera areagotzen ari baita egunetik egunera; herenegungo %18ko kalteari beste horren bestekoa gehitu zitzaion atzo, eta burtsako bere balioaren %36,5 inguru galdu du bi egunean, 29.000 milioi inguru. Wolfsburgoko konpainiak 6.500 milioi euroko hornidurak egin dituela iragarri du EA-189 motor dieselaren eskandaluak ekar diezaiokeenari aurre egiteko, baina inbertitzaileak beldur dira labur geratu ote den irits daitezkeen isun erraldoiak ikusita.
Estatuen erakundeak hasi zaizkio jazartzen Atlantikoaren alde bietara. AEBetako Justiziak auzibidea zabaldu du, 2009tik 2015era 482.000 autotan nitrogeno oxidoen emisioen kopurua faltsutzen zuen tresna baliatzeagatik. 16.000 milioi euro arteko isuna etor dakioke Volkswageni hortik, baina administrazioarekin negoziatuta kopurua gutxitzea lortzen badu ere, isun erraldoia espero daiteke. «AEBetako publikoak erantzunak merezi ditu eta berriro gertatuko ez delako bermea». Kongresuan eratutako batzordeko presidentearen hitzek ez dute zalantzarako tarterik utzi.
Etxean laztanik gabe
Etxean ere ez du lortu laztanik VWek. Alemaniako Gobernuak ikerketa batzordea jarri du martxan konpainiaren iruzurra argitzeko. Angela Merkel kantzilerrak «erabateko gardentasuna» agindu du; «gertatutako guztia mahai gainean» nahi du. Merkelek badaki eskandalu honek Volkswagenetik harago doala, industria alemaniarraren prestigioa ere jokoan baitago. Ez alferrik, sektore osoan gertatu dira galerak burtsan; Daimler eta BMW %7 eta %6 jaitsi ziren atzo hurrenez hurren Frankfurten. Merkel ez dago txantxetarako.
Volkswagenek ez du erruki handirik espero bere markak saltzen duen think blue teknologia urdinean izugarrizko orban beltza egin ondoren. Frantziak atzo iragarri zuen abian jarri duela bere ikerketa propioa, «ikerketa sakona»; ez da harritzekoa, Renault eta Peugeot %7,1 eta %8,8 jaitsi ziren atzo Parisko burtsan. Mesfidantzaren birusa uxatzeko ahaleginak ere egon ziren sektorean; Fiat Chrysler taldeak halako tresnarik ez duela sekula baliatu jakinarazi zuen.
Eta Europako Kontsumitzaile Elkarteak (BEUC) ikerketa independentea exijitu dio Europako Batzordeari. Batzordeak «oso serio» hartu du auzia, baina ez du iritzirik eman oraingoz, «goizegi» delako. Alemaniari utzi dio ekinaldia, alegia. Asian ere ikerketak egiten ari dira, esate baterako Hego Korean. Esan beharrik ere ez dago autogintzan ageriko interesa duten herrialdeetan sektoreko erraldoia urratzeko ireki den abagunea ez dutela alferrik galduko.
Tsunami horren aurrean jarri da azken orduetan miran dagoen gizona: Martin Winterkorn taldeko presidentea. «Azalpen azkarra eta gardena» agindu du barkamena eskatzeko bideo agerraldi batean; «era guztietara eskatzen diet barkamena gure bezeroei, erakundeei eta iritzi publikoari gure jarrera okerrarengatik». Winterkornek badaki ingurumenaren atalean egindako iruzurrak «Volkswagenek bultzatzen duen guztiaren aurka doala».
Zuhurtzia Nafarroan
Beharbada, jadanik badaki ere lehenengo pagaburua izango dela ostiralean. VW taldeko zuzendaritza batzar hori bere kargua berrestekoa zen Ferdinand Piech presidente ohiarekin izandako norgehiagokaren ondoren, baina justu kontrakoa gerta daiteke software sekretuaren auziarengatik. 2018ra arte luzatu berri diote agintaritza Winterkorni, baina zaila izango da dimisioa eman beharra saihestea, presioa izugarri baita Alemanian. Der Tagesspiegel-ek lekukoa hartuko duen gizonaren izena ere eman du: Matthias Muller Porcheren egungo presidentea.
Wolfsburgon epizentroa duen lurrikarari zuhurtziaz begiratzen ari zaio Euskal Herritik. Landabengo Volkswagenek Nafarroako ekonomian duen garrantzia agerikoa da, izan ere. Manu Aierdi Nafarroako Ekonomia kontseilariak garbi adierazi zuen atzo bere atsekabea: «Ez da berri pozgarria». Ez zen sartu, ordea, analisi sakonagoan; nahiago izan zuen «informazio gehiagoren zain» egotea.
Volkswagenen iruzurra globala da, eta hankaz gora jarri du konpainia
Mundu osoan saldutako 11 milioi autotan jarri du emisioak faltsutzeko softwarea Wolfsburgoko konpainiak.6.500 milioi euroko hornidura egin arren, burtsan %18ko galera izan du berriro

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu