Volkswagen taldeko lehendakariorde Francisco Javier Garcia Sanzek eman die berria Landabengo arduradunei eta langileei. Bien "profesionaltasuna eta ardura" txalotu du, eta nabarmendu du horri esker lortu dutela modelo berria. Zein auto izango den ez du zehaztu Alemaniako multinazionalak, baina pentsatzekoa da noranahiko edo SUV txiki bat izango dela, Polo modeloaren plataformaren gainean eraikitakoa.
Gehiengo sindikalak (UGT, CCOO eta CGC) eta zuzendaritzak akordio bat lortu zuten joan den martxoan lan baldintzen inguruan, beste modelo bat lortze aldera. Landabengo langile batzordeko 29 kideetatik 19 dituzte hiru sindikatu horiek. Ordezkaritza duten beste hiru sindikatuek (LAB, CGT eta ELA) ez sinatzea erabaki zuten.
Akordio horren bidez, soldatak KPIren %50 igoko dira 2018an, eta 216 eguneko lanaldia finkatuko da, gaur egun baino bat gehiago. Kalkulatu dutenez, 300 eta 500 lanpostu artean sortuko ditu modelo berriak. Zuzendaritzak agindu du lantaldea berritzeko neurriak hartuko dituela, eta langile gazteei ere kontratu mugagabeak egingo dizkiela. Hori bai, soldata maila txikiagoekin hasiko dira lanean.
Nafarroako Volkswagen presidente Emilio Saenzek ziurtatu du asko "borrokatu" direla beste modelo bat egiteko. "Une historiko bat da, eta fabrikaren etorkizuna bermatzen du". Gutxienez hamabost urtez bermatuko du lantegia.
VWek zazpi milioi VW Polotik gora ekoitzi ditu Landabenen. 2015ean, 298.358 auto egin zituen.
Euskal Herriko lantegirik handiena da VWena: 4.500 lanpostu zuzen ematen ditu, eta beste hainbat zeharka. VWen fakturazioak Nafarroako barne produktu gordinaren %16 ekartzen du. Haren hornitzaileak eta autogintza sektore osoa batuz gero, ekarpena %25era iristen da. Nafarroako esportazioen %46 egiten dute. Hamar Poloetatik bederatzi Hego Euskal Herritik eta Espainiatik kanpo saltzen dira, eta gorakada handia izan dute azken urteotan, auto txikien salmenta baita, noranahikoekin batera, gehien handitu dena.