Alemaniako autogile nagusiak gogor zigortu ditu Europako Batzordeak. 502 milioi euroko isuna jarri dio Volkswagen taldeari eta beste 372 milioikoa BMWri, ez ziotelako elkarri lehia egin beren motorren nitrogeno oxido (NOx) isurketak gutxitzeko teknologian. Kartel horren hirugarren partaidea, Daimler (Mercedes), ez dute zigortu, hark egindako salaketak abiatu duelako Bruselaren ikerketa.
Margrethe Vestager Europako Batzordeko Lehia komisarioak eman du isunaren berri, gaur goizean. «Ekoizleek bazuten teknologia isurketa kaltegarriak gutxitzeko EBren estandarrek eskatzen zuten gutxienekoaren gainetik. Baina uko egin zioten lehiatzeari, legeak eskatzen duen baino gehiago garbitzeari», ziurtatu du Vestagerrek. Zehaztu duenez, 2009ko ekainetik eta 2014ko urrira arte, partekatu egin zuten nitrogeno oxidoaren isuriak gutxitzeko beren teknologiari buruzko informazioa, «eta horrek berekin ekarri zuen teknologia hori teknikoki ez garatzea».
Lehen kartel teknologikoa
Lehen aldia da Europako Batzordeak kartel bat zigortzen duela garapen teknologikoa eteteagatik, eta ez prezioetan ados jartzeagatik. Vestagerrek azaldu du «modu txarrean» erabili zutela enpresetan arteko «lankidetza tekniko zilegia».
Enpresek onartu egin dute kartel bat osatu zutela, eta, horregatik, %10 txikitu diote isuna BMWri, eta %45, berriz, VWeri. Azken horren isuna handiagoa da taldeko hiru autogilek —VWek, Audik eta Porschek— hartu zutelako parte legez kontrako elkarrizketetan. Daimlerrek 727 milioi euroko isuna jaso ahal zuen, baina auzia salatu izanak libratu egin du.