Autogintza

VWek Taigo modeloa egingo du Landabenen

Noranahiko itxurako auto txiki bat da, eta urtearen amaieran merkaturatuko du.

VW Taigo modeloa. VOLKSWAGEN
Iker Aranburu.
2021eko martxoaren 30a
11:45
Entzun

Udatik aurrera hiru modelo egingo dituzte Iruñeko Volkswagenen: Polo eta T-Cross modeloei hirugarren bat batuko zaio aurki. Noranahiko itxurako auto txiki bat izango da, eta Taigo izena hartuko du, gaur jakinarazi dutenez.

«Emozio handiko diseinu dinamikoa» duen auto bat dela esan du Alemaniako autogileak, eta «azken puntako teknologia izango duela, gidatzen laguntzeko eta sarera konektatzeko.

VWek Brasilen egiten duen Nivus autoan dago oinarrituta Taigo.

Modelo berriaren lehen 48 aleak, probakoak, iaz egin zituzten Landabenen, baina salmentara bideratutakoak irailean hasiko dira ekoizten, eta urtearen amaieran izango dira salgai. 

VW Landabenen

Auto salmentaren jaitsiera handiak ez dio hondamendirik ekarri Volkswagen Nafarroari. Iaz 66,2 milioi euro irabazi zituen, 2019an baino %15 gutxiago. Lantaldean jaitsiera txiki bat izan du: urtearen amaieran 4.754 langile zituen Nafarroako fabrikarik handienak, 2019an baino ehun gutxiago.

Guztira, 3.066 milioi euro fakturatu zituen VWek Landabenen, eta horien %95 autoen salmentatik dator, eta gainontzekoa, auto osagaietatik. Aurreko urteetan baino fakturazio txikiagoa izan da, ekoizpenaren jaitsiera ez zelako txikia izan: 320.523 auto egin zituen 2019an, eta 242.666 iaz (-%24,2). Auto horien %56 T Cross modelokoak izan ziren, eta ia %43, berriz, Poloak.

 Landabenen auto elektriko bat egiteko aukera mahai gainean dago, baina nekez iritsiko da 2025a baino lehen.

Oraingoz, beste atal batzuetara doaz inbertsioak. Iaz 98,8 milioi jarri zituen VWek fabrikan (+%63,5).

Egindako autoen %25 Alemaniara joan ziren; %16, Italiara: eta %15, Frantziara.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.