Zalantzak areagotzeko

S&P agentziak AEBen zorraren kalifikazioa jaisteko hartu duen erabaki historikoari erantzungo diote merkatuek gaurtik aurreraDolarretan dituen aktiboen segurtasuna bermatzeko exijitu dio Txinak Etxe Zuriari

Ivan Santamaria.
Gasteiz
2011ko abuztuaren 7a
00:00
Entzun
Zorraren krisia berriro ere Ameriketara begira jarri da. Standard & Poor's rating agentziak erabaki historikoa hartu du, eta AEBetako luzera begirako zor publikoaren kalifikazioa maila bat jaistea erabaki du, AAAtik AA+ izatera. Orain dela aste batzuk S&Pk jaistearekin mehatxatu zuen Obamaren administrazioa, eta bete du esandakoa. Erabakiak ez du parekorik, 70 urtean lehen aldiz galdu baitute AEBek A hirukoitz preziatua, ustez fidagarritasun eta konfiantza osoa bermatzen duena.

Albistea AEBetan oraindik ere burtsak irekita zeudela filtratu zen, baina arratsaldeko zortziak arte ez zen ofiziala izan. Eguerditik S&Pren epaia atzeratzen ahalegindu zen Altxor Departamentua, erabilitako datuak ez zirela zuzenak argudiatuta, baina agentziak ez zuen atzera egin. Asteburua izanik, gaur gauetik aurrera ikusiko da merkatuek nola hartuko duten jaitsiera, Asiako burtsek irekitzen dutenean. Berriro ere tentsio handiko saioak espero dira mundu osoko merkatuetan.

S&Pren ustez, ez da nahikoa izan zorpetze muga handitzeko eta defizita murrizteko asmoz demokratek eta errepublikanoek aste hasieran lortu zuten akordioa. Hain zuzen ere, zor publikoa orekatzeko helburuan aurrera egiteko «gutxiegi» jaitsi dela argudiatu du agentziak, erabakia justifikatzeko. Akordioaren arabera, defizita 2,4 bilioi dolar (1,67 bilioi euro) jaitsiko da datozen hamar urteetan. S&Pk eta baita Moody'sek ere, ordea, lau bilioi dolarreko ahalegina eskatu zioten gobernuari (2,8 bilioi euro).

AEBetako politikariei eta erakunde publikoei kargu hartu die S&Pk, gainera. «Euren eraginkortasuna eta egonkortasuna ahuldu da, arlo fiskal eta ekonomikoan erronka handiko garaiak diren honetan». Epe luzerako zorraren aurreikuspena negatiboa dela nabarmendu du agentziak, eta bi urtean AAra murrizteko aukera zabalik utzi du, hitzartutako defizit jaitsiera ez bada betetzen, interes tasak igotzen badira edo presio fiskalen ondorioz espero diren zor mailak gainditzen badira.

Barack Obamaren gobernua ez dago ados S&Pk egin duen mugimenduarekin. Erreakzio ofizialik ez zen izan atzo, baina Altxorreko iturriek zalantzan jarri zituzten agentziak erabili zituzten zenbakiak. Hain zuzen ere, etorkizunera begirako defizit aurreikuspena bi bilioi dolar puztu zuela salatu zuen Altxorrak (1,4 bilioi euro).

Ondorioen esperoan

Ez da erraza aurreratzea nolako ondorio praktikoak izango dituen AEBetako zorraren kalifikazioak A hirukoitza galdu izanak. Azken finean, erabakiak ez du esan nahi AEBek dirua bueltatzeko arazoak izango dituztenik, edota ekonomia porrot egiteko norabidean dagoenik. Haatik, ikur bat ere bada, eta munduko lehen potentzia ekonomikoaren nagusitasunari buruzko galderak harrotuko ditu. Ekuazioa hautsi dela ondorioztatu du S&Pk: AEBetako zorra honezkero ez da inolako arriskurik gabeko inbertsioa. Kalitatezko zorduna da, baina arriskua badu; txikia, baina badu.

Defentsarako bitartekoak ez zaizkio faltako Obamaren administrazioari. Lehenik eta behin, bai Moody's eta bai Fitch agentziek kalifikazio gorenari eutsi diote. Hirutik bat baino ez da izan. Era berean, ez da amaitu rating agentziek krisiaren aurretik eta ondoren izan duten fidagarritasun eskasari buruzko eztabaida, eta datuen inguruko kontraesanak dira AEBek egin duten lehen kritikaren oinarri.

Ikusteko dago nazioarteko ekonomian ere ondorioak izango dituen edo ez, eta zeintzuk. Esaterako, prozesu ekonomiko ia guztiak dolarretan egiten dira, edo nola edo hala dolarrari lotuta daude, garai batean urreari lotuta zeuden gisara. Horrez gain, S&Pk AEBetan ez badute ikusi AAA mailari eusteko bezain besteko sendotasunik, baliteke kalifikazio gorenari eusten dioten beste herrialdeen egoera berriro aztertzea. Klub horretan, agentziak AEBen parekotzat jotzen ditu Kanada, Frantzia, Alemania eta Erresuma Batua.

Txinaren erantzun gogorra

AEBek nazioarteko ekonomiaren lidergoari eusteko duten gaitasunari buruzko zalantzak agertu ziren zorpetze muga handitzeko prozesu gatazkatsuan. Itun faltak herrialde askoren kritikak eragin zituen, eta kalifikazio jaitsierak AEBen irudia are gehiago higatu du.

Txinak, esaterako, kritika gogorrak egin zizkion gobernuari. «AEBei bere zorpetzearen egiturazko arazoak zuzentzea eta dolarretan dituen aktiboen segurtasuna bermatzea eskatzeko eskubide osoa du Txinak». Txina da AEBen hartzekodun nagusia, 811.000 milioi eurorekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.