Josean Rodriguez. Adegiko Ekintzaileen Foroko burua

«Zaldun bakartiak egon ez daitezen, tribua gara»

Aupa Zuek ekintzaileen topaketak egingo dituzte bihar Donostian askotariko hainbat proiekturen xehetasunak bertatik bertara ezagutzeko. Adegiren foroak ideia berrien «txinparta» bilatzen du.

GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
xabier martin
Donostia
2015eko martxoaren 11
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Askotariko sektoreko 60 enpresa, 390 enplegu, 22 milioi euroko fakturazioa 2014an eta 30 patente erregistraturik. 2011n Adegik sortutako Ekintzaileen Foroaren zenbakiak ez dira hala moduzkoak. Euskal ekintzaileen bidea erraztea eta enpresa oso desberdinen arteko informazioa elkarrekin trukatzea dira foroaren helburuak, hain zuzen, enpresa berriak sortzeko, sinergien bidez «txinparta berriak eragiteko tribuaren barruan». Aupa zuekbiharko ekitaldia ekintzaileei eskerrak emateko egitasmoa da; baita modu zuzenean ekintzaileen «arrakastak eta porrotak bere testuinguruan ezagutzeko» ere.

Ekintzaile asko ideia batekin hasi eta galduta ibiltzen direla diozu, eta Adegiren foroa haiei babesa emateko sortu dela. Nola?

Gure proposamena da ekintzaileak gure foroko kide izatea lehenik, behin proiektu berri bat egiten hasten denean gabeziak nonahi azaltzen direlako. Sentsazioa da zaldun bakartiarena; «Baina zertan ari zara?», entzuten dute sarritan etxean eta lagun artean. Gu tribu bat sortu nahian gabiltza, ekintzaile batek bera bezalako jendea ikus dezan, agian bera baino egoera okerragoan dagoena. Hemen jaso dezakeen informazioa —merkatuen eta egin beharreko urratsen inguruan— nekez jasoko du beste inon, eta esperientziak ezagutzea oinarrizkoa da ideia aurrera atera dadin.

Eskolak eskaintzen dituzue?

Ez; hain zuzen, kontzeptu horretatik oso urrun egon nahi dugu. Ekinez ikastea proposatzen dugu foroan, besteen proiektuak bere testuinguruan ezagututa zuzenean, eta haien laguntza jasota.

Zer-nolako enpresak daude Adegiren Ekintzaileen Foroan?

Denetarik dago, askotariko sektorekoak eta izaera oso desberdinekoak. Batzen dituena da ekintzailetza, bere garaian ideia bat edo negoziorako tarte bat ikusita aurrera egin zutela. Hamar urte pasatu eta gero, ekintzailetzaren aroa pasatu dela jotzen dugu, eta ordurako gehienak enpresa txiki edo ertain dira, egonkorrak.

Ekintzaileak elkarren ondoan jarri eta informazioa trukatzean ideia berriak sortzeko «txinpartak» eragiten direla diozu. Nola da hori?

Ekintzaile guztiak bezeroen bila dabiltza hastapen aroan, merkatua arakatzen; bada proiektu desberdinak konpartitzen direnean ideia berriak sortzen dira, txinpartak, batek besteari proposadiezaiokeelako elkarlana merkatura hobeto iristeko, beste modu batera agian, jatorrizko proiektuak jasotzen ez zuen modu batez alegia. Ekintzaileen arrakastaren aukerak handitzea da helburua azken finean.

Batzuek diotenez, behar bezain azkar sortzeko gai ez den lan merkatuaren gabeziak estaltzeko baliatzen da ekintzailetza enplegua. Zer diozu?

Hitz hutsaletatik haratago gabiltzala foroan, ondorio praktikoak bilatu nahian, eraginkortasunaren bila beti. Ekintzailetza burbuilaz hitz egiten da, egia da, baina hemen protagonistak ekintzaileak dira, gu seguru gaude, eta haien zerbitzura jartzen gara, proiektuak errazteko eta, azken batean, enplegua sortzeko. Ekintzailearen kultura sustatzea ezinbestekoa dela uste dugu.

Nola gara ditzakete harremanak, adibidez, energiaren kontsumo arduratsuarekin lotutako proiektuak, Goienerrek, eta Grapheneak, muturreko teknologia garatzen duen enpresa batek?

Ba, egia da oso proiektu askotarikoak daudela ekintzaileen foroan, erabat desberdinak batzuetan, eta ezaguna da hiru gipuzkoar elkartzean lau iritzi azaltzen direla, baina ikuspegi komunarekin ari gara, proiektu guztiak lotzen dituzte aldagaiak aurrean jarrita, eta emaitza oso interesgarria da, oso aberasgarria.

Lobby-tzat jo behar da Adegiren Ekintzaileen Foroa?

Ez, ez gara lobby klasikoa, baina administrazioekin harremanetan jarri gara, eta esan diegu jakintza eta esperientzia handia daukagula pilaturik ekintzailetzaren alorrean, eta hori guztia erabil dezaketela beraiek dituzten ideiak osatzeko eta zabaltzeko. Nolabait,tresna garela badakigu, eta ekintzailetzaren laborategian gure eskarmentua erabil dezaketela ere bai. Lobby kontzeptuaren alde positibo horretatik nahi baduzu, horrela jarduten dugu. Gipuzkoako ekintzailetzaren argazkia erakusten ari gatzaizkie azken finean, eta argazki hori erabiltzeko dei egiten diegu, ekintzaileek dituzten oztopoak arintzeko.

Enplegua lehenbailehen behar da egungo egoeran; zer-nolako ekarpena egin dezake ekintzailetzak?

Enpresak ez dira betiko. Batzuk helduegiak direlako eta kontsumo zikloak aldatzen direlako lehiakor izateari utzi eta itxi egiten dira. Enpresa berriek espazio berriak bete behar dituzte, aukera berriak eskuratu, erreleboa egon dadin. Errelebo hori ez balego,hondamendia litzateke, eta hor rol garrantzitsua jokatzen du ekintzailetzak. Haren bidez sortutako enplegua ez da XX. mendean sortu zen neurrikoa, kopuruari begira, baina beste abantaila batzuk ditu. Nor bere kabuz has daiteke lan merkatuan beste batek eskaintza egingo ote dion zain egon gabe, eta gero, hirugarren batek kontrata dezake lortutako eskarmentuari esker. Bide anitzak daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.