Merkataritza

Zaldunbordako 'makro-outlet' proiektuarekin jarraituko du Hondarribiko Udalak

Txomin Sagarzazu alkateak uste du Saltoki Handien Lege berriak ez diola eragiten proiektuari. Egitasmoarekin segitzeko mozioa onartu du udalbatzarrak, EAJren botoekin.

'Outlet'-a eraikitzeko egitasmoaren kontrako pankarta, Zaldunbordako inguruetan. ASIER PEREZ-KARKAMO
Xabier Martin - Jokin Sagarzazu
2019ko abenduaren 20a
11:33
Entzun

Aurtengo udan onartutako Saltoki Handien Lege berriak ez dio eragiten Zaldunbordako proiektuari, Txomin Sagarzazu Hondarribiko alkateak (EAJ) esan duenez. Onartu du udalaren interpretazioa dela hori, aditzera emanez izan daitekeela bestela; baina udal gobernuak uste duenarekin bat, baieztatu du Zaldunbordako makro-outlet proiektuak aurrera egin dezakeela, metro koadroetan eta beste ezaugarrietan jasota dagoen bezala, alegia.

"Hori da gure interpretazioa. Ez naiz sartuko orain legediaren irakurketan edo zer bide har dezakeen honek". Zaldunbordako proiektuari buruz eginiko ezohiko bilkuraren biharamunean azaldu da alkatea prentsaren aurrera.

Sagarzazuk arrazoitu du Zaldunbordako lur eremua jarduera ekonomikoak eta merkataritzarekin lotutakoak egiteko dela, 2017. urtean Hondarribiko udalbatzarrak onartutako Hiri Antolamendurako Plan Orokorrean jasotzen den moduan —Saltoki Handien Lege berria onartu aurrekoa da hori—. Plan Orokorrari garrantzi handia eman dio udal gobernuak, hark emango liokeelako legezko oinarria polemika handia piztu duen makro-outlet proiektuari.

Jarrera aldaketarik ez

Udalak, beraz, ez du aldatu jarrera, asteartean merkataritza gunea baimentzen zuen alkatearen dekretua eten zuen arren. Eusko Legebiltzarrak Saltoki Handien Lege berria onartzeko bezperan (ekainaren 26an) plazaratu zuen dekretu hori alkateak. Hori indargabetu izanak egitasmoa birpentsatzeko edo bertan behera uzteko aukera zabal zezakeela pentsatu zuen oposizioak (Abotsanitz, EH Bildu eta PSE-EE), baina udalak eutsi egin dio hasierako asmoari.

Zehaztu du dekretua bertan behera utzi duela arrazoi administratiboetatik, ez egitasmoaren aurka dagoelako. Alkateak arrazoitu du sustatzaileak —Higertoki SL— ez dituela bete Zaldunborda Gaina eremurako enpresa horrek berak eginiko Plan Partzialaren gainean udalak zehaztutako zuzenketak edo baldintzak.

Horren arabera, Higertokiren Plan Partzialean "ez da ikusten uzten Plan Orokorrak ematen duen eraikigarritasunaren betetze maila, eta ez du zehazten eremuaren antolamendu urbanistikoa nolakoa izango den". Sagarzazuk gaineratu du Plan Partzial bat onartzeko beharrezkoak direla beste administrazio batzuen txostenak: besteak beste, mugikortasun eta trafikoaren inguruan foru aldundiak egin beharrekoak.

Bi aukera

Sustatzaileek udalak jarritako baldintzak bete ez dituztenez, indarrik gabe geratu da ekainaren 26ko dekretua. Baina horrek ez du hasierako egitasmoa indargabetzen. Bi aukera ditu orain Higertokik: bertan behera utzitako dekretuari helegitea aurkeztea eskatutako zuzenketak egiteko —auzitara ere jo dezake, bide administratibotik— ala Zaldunborda eremurako beste Plan Partzial bat proposatzea.

Nolanahi den, Hondarribiko alkateak uste du saltegi handien euskal lege berriak ez lukeela eraginik izango, beti ere 2017ko Plan Orokorraren garapena litzatekeelako Zaldunbordako egitasmoa. "Baina irakurketa bat baino gehiago egon daiteke", berretsi du Sagarzazuk.

Aukera baterako zein besterako, Higertokik zein epe dituen ez duela ezagutzen adierazi du alkateak: uste du helegitea jartzeko hilabeteko epea duela enpresak eta esan du ez dakiela zenbatekoa den Plan Partzial berri bat aurkeztekoa.

Batzar beroa

Jendetza bildu zen ostegunean Hondarribiko udaletxean, 150 lagunetik gora. Proiektua bertan behera uzteko eskatuz oposizioak aurkeztutako mozioak ez zuen aurrera egin; bai, ordea, EAJrena, aurkako zortzi boto eta aldeko bederatzirekin.

Oposizioa aurka du udalak, eta Hondarribiko eta inguruko herrietako merkatari batzuk Zaldunborda Gelditu plataforman bildu dira. Eusko Legebiltzarrak ere egitasmoa eteteko eskatu du, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak adierazi du ez duela atsegin.

Udalaren mozioaren arabera, Zaldunborda Gainan makro-outlet bat eraikitzeko proiektuarekin jarraitzeko legezko arazorik ez dago udalarentzat, proiektua "positiboa" delako herriko jarduera ekonomikoarentzat.

Udala prozesu osoan zehar "arduraz eta zuzen" jokatzen ari dela azaldu du alkateak eta azpimarratu du "zilegitasun demokratikoa" duela egitasmoarekin aurrera egiteko. "[Udal gobernuaren] bakartasuna irudikatu nahi da, baina herritar gehienen konfiantza dugu". "Denari ez esaten duenak ez du beti arrazoia, denari bai esaten dionak bezala", gaineratu du oposizioari zuzenduz. "Eskema sinpleek lasaitasuna eman dezakete, baina ez diote errealitateari erantzuten".

Sagarzazuk egungo kontsumo joeren gaineko gogoeta egin du: "Batzuetan ahaztu egiten gara egungo kontsumitzaileen jarrerez". Saltoki handiak, Internet... aipatu ditu. Horiek gertuko merkatari txikiekin bateragarria direla azpimarratu du. Horiek laguntzen jarraituko duela hitz eman du.

"Itxua behar du batek eraginik ez duela izango pentsatzeko", aitortu du Zaldunbordaren gisako egitasmoen inguruan. Baina "interes orokorra" kontuan hartuta "enplegua sustatzeko aukera" bat dela azpimarratu du. "Aukera perfektuak badaude, baina batzuetan ez dira errealak", adierazi du beste behin oposizioari zuzenduz.

Egiten ari diren lanak

Bestalde, azken egunetanmerkatalgune handiarenproiektuaren lanak hasi ote diren kezka azaldu dute eragile batzuek, Zaldunbordan lanean ari baitira dagoneko hainbat makinarekin. Baina lan horiek ez dira marko-outleta hartuko duen azpiegitura eraikitzeko, alkatearen arabera. Sagarzazuk zehaztu du hango lur kutsatuak garbitzeko lanak direla —iraganean zabortegi bat egon zen lur horietan—, eta "Jaurlaritzaren jarraibideen arabera" ari direla.

Dimisio eskaera

Abotsanitz udal taldeak salatu du udalak Higertokiri "alfonbra gorria" jarri diola. Salatu du alkateak prentsaurrekoan azaldutakoak ez zituela  osteguneko bozeramaileen batzordean esan, horri buruz "espresuki" galdetu zioten arren. "Iruzur egin zuen, iruzur udal taldeei, eta iruzur herriari. Ez dago hondarribiarren zerbitzurako, gertuko dituen korporazio handien zerbitzurako baizik. Horregatik, ezin du segundo bakar batez alkate bezala jarraitu".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.