Berriz ere merkatuek irabazi dute. Portugalek amore eman du, eta erreskatea eskatu zion atzo Europari. Gaur hasiko dira negoziatzen. Portugalek murrizketak onartu ditu bata bestearen atzetik, baina oposizioak atzera bota zuen laugarren murrizketa plana. Gobernuak dimisioa eman zuen, eta egoera eutsiezina bihurtu zen. Krisi ekonomikoa eta politikoa bat eginda. Orain atzera botatako neurriak eta gehiago onartu beharko ditu, erreskatearen truke.
1. Zenbat diru behar du?
Zenbaki dantza hasi da. Greziak 110.000 milioi euro jasoko ditu, eta Irlandak, 85.000 milioi euro. Portugalen kasuan, 70.000 eta 90.000 milioi euro arteko kopuruak aipatzen dituzte, hiru urterako. Jean Claude Juncker euroguneko ekonomia ministroen taldeko presidentearen arabera, 75.000 milioi euro izango dira. Herrialdearen BPG barne produktu gordinaren erdia inguru.
2. Nork utziko dio dirua?
Dirua utzi egingo diote, maileguen bidez. Beraz, dirua itzuli egin beharko du, baita, jakina, interesa ordaindu ere. Ez merkeak, gainera: Greziaren kasuan, %5,2koa izan zen (%4,2ra jaitsi diote), eta Irlandarenean, %5,8koa.
Dirua euroguneko herrialdeek, Europako Batzordeak eta Nazioarteko Diru Funtsak utziko diote. Europak, 50.000 milioi euro inguru. Alemaniak gehien: 14.500 milioi euro.
3. Zer eskatuko diote?
Defizit publikoa eta zor publikoa murrizteko neurriak hartzeko. Europak eta NDFk helburuak ezarriko dizkiote. Portugalek neurriak —zerga igoerak eta gastu murrizketak— hartu beharko ditu. Alemaniak eta Frantziak hala gogorarazi diote, badaezpada. Helburuak betetzen baditu, dirua utziko diote; bestela, ez. Baina erreskatearena gurpil zoroa da, hainbeste murrizketarekin zaila baita ekonomia suspertzea eta atzeralditik ihes egitea.
4. Zertan lagunduko dio erreskateak?
Momentuz, epe motzeko zorrak ordaintzen eta dirua merkatuetan baino merkeago eskuratzen. Ekainera bitarte 9.500 milioi euro behar ditu zorrak kitatzeko. Egunotan Portugalen hamar urterako bonuek %8ko langa gainditu dute eta bost urterakoek %10ekoa. Aste honetan jaulki dituen urtebeterako bonuetan%5,9ko interesa ordaindu beharko du, ordain izugarria. Gaurko ogia, baina biharko gosea. Greziaren eta Irlandaren kasuan erreskateak ez du jaitsi merkatuek eskatzen dieten interesa zorra erosteagatik.
5. Eta luzera begira?
Erreskatea ez da nahikoa luzera begirako arazoak konpontzeko. Portugalgo ekonomiak suspertu egin behar du eta nahikoa aberastasun sortu behar du ordainketei aurre egiteko. Baina Portugalgo ekonomia aurten %0,9 uzkurtuko dela espero dute, eta 2012an %0,6 bakarrik hazi. Hazten ez bada, zorra ez ordaintzeko arriskua handitu egingo da eta zorra berregituratu egin beharko du. Greziak arrisku hori du.
6. Nork negoziatuko du?
Berez, erreskatea lehenbailehen nahi dute. Horrek esan nahi du jarduneko gobernuarekin negoziatu beharko dutela. Baina har al ditzake jarduneko gobernu batek luzera begirako erabakiak eta konpromisoak ziurrenik beste gobernu batek kudeatuko dituela jakinda? Irlandan gertatu da eta Portugalen gerta daiteke.
Portugalgo oposizioko alderdi nagusiak, PSDk, esan du bat datorrela erreskate eskaerarekin; beste kontu bat da, ordea, erreskatearen truke eskatuko dizkioten konpromisoekin eta murrizketekin bat etortzea. Pedro Passos Coelho PSDko buruak esan du jarduneko gobernuak «gutxieneko laguntza» negoziatu behar duela, eta gobernu berriari utzi behar diola negoziazio potoloa. Beraz, bi epeko negoziazioa ere egin dezakete, premiazko laguntza jarduneko gobernuak eta luzera begirako plana gobernu berriak.
Jose Socrates sozialistaren gobernuak dimisioa eman zuen martxoaren 23an, legebiltzarrean oposizioak atzera bota zuelako orain arteko laugarren murrizketa plana. Orain, oposizioak lehen baztertutako neurriak edo gordinagoak onartu beharko ditu, erreskatearen truke.
7. Noiz emango diote?
Atzo eskatu eta gaur bertan hasiko dira erreskatea negoziatzen, euroguneko ekonomia eta finantza ministroen bileran (Ecofin), Budapesten. Ekainaren 5eko hauteskundeetarako prest egon daiteke.
8. Zein dira Portugalgo ekonomiaren arazoak?
Funtsean, urteetako hazkunde apala etalehiakortasun falta. Ekonomiak hazkunde oso txikiak izan ditu, baita krisiaren aurreko urteetan ere. Horrez gain, baita defizit publiko handia (BPGaren %8,6), zor publiko nabarmena (BPGaren %92,4), bankuen zailtasunak dirua lortzeko, zorraren kalifikazioa zaborraren azpitik eta ezkutuko ekonomia handia ere (BPGaren %25 inguru). Diru sarrera gutxi, zorpetze handia eta zorra gero eta garestiago.
9. Zein izango da hurrengoa?
Europako zorraren krisiaren domino partidan Espainiarena da hurrengo fitxa. Hala ere, Espainiaren ekonomia Portugalgoa baino nabarmen sendoagoa da, arazo handiak dituen arren: hazkunde apala (BPGaren %1,3 aurten) eta sekulako langabezia, %20tik gorakoa. Zor merkatuetan bere egoera lasaitu da, oraingoz: %5,2ko interesa eskatzen diote hamar urterako bonuen truke.
Espainiak erreskatea eskatzeak euroa bera kolokan jarriko luke. Espainiako Gobernuak ez dela Portugal esan du. EBko, EBZko eta OCDEko agintariek ere bereiztu egin dituzte Espainia eta Portugal. Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidentearen erreformak eta murrizketak txalotu dituzte.
Zama bat nahi ez, eta bi jarriko dizkiote
Europako ekonomia ministroak gaur hasiko dira Portugalen erreskatearen baldintzei buruz hitz egiten
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu