Zapatero: «Ez dugu kaleratzea merkatuko»

Gobernatzea eta aditu gisa iritziak ematea oso desberdina dela erantzun dio Jean Claude Tricheti

Iker Aranburu.
2009ko ekainaren 24a
00:00
Entzun
Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidenteak arazo bat dauka banku zentraleko gobernadoreekin. Miguel Angel Fernandez Ordoñez Espainiako bankuko buruaren eskakizunekin nahikoa ez, eta Jean Claude Trichet Europako Banku Zentraleko presidentea joan zaio Madrilen lan merkatuaren erreforma eskatzera, betiere kaleratzeak errazago eta merkeago izateko. Bati zein besteari garbi erantzun zien atzo Zapaterok: «Gobernuaren programan ez dago kaleratzea merkatzea, ezta lan eskubideak murriztuko dituzten erreformak egitea ere».

Abujan (Nigeria) zegoela egindako adierazpenetan, Zapaterok bakoitza bere lekuan jarri nahi izan zuen: «Oso desberdina da banku zentraleko presidente izatea edo gobernuko presidente; iritzi guztiak errespetatzen ditut, baina gauza bat aditu gisa iritziak ematea, eta beste zerbait herritarrentzat gobernatzea».

CEOEren iritziekin bat eginda, Fernandez Ordoñezek hainbat ika-mika izan ditu azkenaldiangobernu sozialistarekin. Astelehenean, Tricheten laguntza jaso zuen. Soldaten igoera inflazioari ez lotzea eta lan erreforma egitea ez ezik, kaleratzea errazagoa izatea eskatu zuen EBZko buruak: «Espainiako babes sistema garestiegia da enpresaburuentzat; lan merkatu dinamikoagoa lortzearren, ongi legoke zurruntasun horiek ezabatzea».

Erreforma «saihetsezina»

Fernandez Ordoñezek berak bereari eutsi dio, eta lan merkatua erreformatzea «saihestezina» zela ziurtatu zuen atzo Espainiako Kongresuan. Haren iritziz, lan baldintzak egoera ekonomikora egokitu behar dute, eta lan merkatua erreformatuta, errazagoa izango da langileak sektore batetik bestera aldatzea, beharren arabera. Horrela, langabezia txikituko litzatekeela uste du Espainiako Bankuko gobernadoreak.

Espainiako ekonomiaren bilakaerari buruz, Fernandez Ordoñezek ziurtatu zuen bigarren hiruhilekoan aurrekoan baino gutxiago ari dela moteltzen, eta ziuraski Europako beste herrialdeetakoa baino hobeagoa izango dela, merkataritzaren jaitsierak gutxiago eragin diolako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.