Zapatero, soldatak produktibitateari lotzearen alde

Erreforma ekonomiko handiak onartzeko prest dagoela esan dio Europako Kontseiluko presidenteari

jakes goikoetxea
2011ko martxoaren 12a
00:00
Entzun
Jose Luis Rodriguez Zapaterok Europan esaten du Espainian esaten ez duena. Espainiako Gobernuko presidenteak erreforma ekonomiko handiak onartzeko prest dagoela esan dio, gutun baten bitartez, Herman Van Rompuy Europako Kontseiluko presidenteari. Aldaketa horien artean dago «soldatek produktibitatearekin bat egitea». Zapaterok uste du kendu egin behar direla lan merkatuaren «zurruntasunak», lehiakortasuna handitzeko.

Valeriano Gomez Lan ministroak otsailaren hasierako egun batean esan zuen Espainian soldatek aintzat hartzen dutela produktibitatea; egun gutxira soldatek hobeto aintzat hartu behar zutela gehitu zuen. Eta iragan astelehenean Mari Luz Rodriguez Enplegu estatu idazkariak esan zuen soldaten igoerak inflazioaren araberakoa izan behar duela, kontsumoari eusteko.

Zapaterok euroguneko presidenteen bileraren atarian bidali zion gutuna Van Rompuyri. Espainiako enpresaburuek eta sindikatuek negoziazio kolektiboaren erreforma hitzartzeko egun batzuren faltan.

Euroguneko hamazazpi agintariek ezohiko bilera egin zuten atzo Bruselan, euroari buruzko akordio bat lortzeko. Europako hainbat herrialdek erreskate funts handiagoa eta malguagoa nahi dute, arazoak dituzten herrialdeei hobeto laguntzeko eta erakusteko badutela erreakzionatzeko gaitasuna eta badituztela tresnak zailtasunen aurrean erreakzionatzeko. Erreskate funtsa 440.000 milioi eurokoa bada ere, 250.000 bakarrik dira erabilgarriak.

Alemaniak eta Frantziak, ordea, ordaina nahi dute: aldaketak mesede egingo liekeen herrialdeek defizit publikoa murrizteko eta lehiakortasuna hobetzeko neurriak hartzea. Neurri horien artean daude, besteak beste, soldaten igoerak produktibitatearen araberakoak izatea; erretiro adina bizi itxaropenaren araberakoa izatea; herrialdeen zorpetze mugak zorrotzago betetzea; enpresen sozietate zerga bateratzea; eta lan erreformak egitea, enplegua sustatzeko. Herrialdeen ekonomia politikak bateratzeko urratsa da.

Baina Europan ohikoa den moduan, eskari potolo horiek urardotu egin dira Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak egin zituenetik. Guztiek onartzeko modukoak izateko. Azkenean, proposamenaren azken bertsioen arabera —lerro hauek idazteko orduan bilera ez zen amaitu—, herrialdeak ez ditu neurri zehatzak hartzera eta konpromiso zorrotzak betetzera behartuko. Eta herrialdeei helburuak beraiek finkatzeko aukera eskaintzen die.

Hilaren 23ko eta 24ko goi bileran hitzartu nahi dute behin betiko ituna. Atzo aurrerapausoak eman behar zituzten.

Bilera emankorra izatea espero zuten, batez ere, Portugalek, Greziak eta Irlandak, merkatuen erasoak baretzeko eta zorraren krisiaren ondorioak baretzeko.

Murrizketak Portugalen

Portugalek atzo iragarri zuen neurri gehiago hartuko dituela defizita murrizteko: besteak beste, 1.500 eurotik gorako pentsioei %5-10 arteko zerga bat ezartzea; osasun zerbitzuetako eta botiketan egindako gastuak murriztea; hezkuntza sarea «arrazionalizatzea»; gizarte zerbitzu ez kontributiboen gastua murriztea; eskualdeei diru gutxiago ematea; pentsioak kalkulatzeko indizea izoztea; eta errenta aitorpenetan zenbait kenkari kentzea. Gastu publikoa %2,4 murriztu nahi dute datozen bi urteetan, eta diru sarrerak, berriz, %1,3 handitu.

Giorgos Papandreu Greziako lehen ministroaren hitzak adierazgarriak izan ziren: «Min hartu dugu gure ekonomia bideragarri egiteko, baina orain Europako erabakiak behar ditugu, erabaki sendoak, merkatuak lasaitzeko».

Buruzagien lehen bilera izan zen Enda Kenny Irlandako lehen ministroa. Bai Papandreuk, bai Kennyk, helburu garbia zuten: erreskateko diruagatik ordaintzen dituzten interesak txikitzea. Irlandaren kasuan %5,8koa da. Alemania prest dago, baina ez doan: Greziak enpresa gehiago pribatizatzea eta Irlandak %12ko sozietate zerga igotzea nahi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.