Zapaterok mehatxu egin die autonomia erkidegoei

Gastu publikoa murrizteko neurriak betetzen ez badituzte, zorpetzeko aukera kenduko die

jakes goikoetxea
2011ko urtarrilaren 18a
00:00
Entzun
Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidenteak mehatxu egin die autonomia erkidegoei: ez badute gastu publikoa murrizten eta ez badituzte gastu publikoa murrizteko ezarritako helburuak betetzen, ez die zorpetzen utziko.

«Konpromisoak bete behar dituzte; bestela, gobernuak esku hartuko du», esan du Financial Times-i eskainitako elkarrizketa batean. Espainiako Gobernuak «tresna garrantzitsua» dauka esku hartzeko, berak ematen baitie baimena zorpetzeko. Argi eta garbi nabarmendu nahi izan du Zapaterok: «Giltza daukagu».

Espainiako autonomia erkidegoen zorra 105.000 milioi euro ingurukoa da, barne produktu gordinaren (BPG) %10 baino gehiago, Espainiako Bankuaren arabera. Zorra %27,3 hazi zen iazko hirugarren hiruhilabetekoan.

Arabaren, Bizkaiaren eta Gipuzkoaren kasuan zorra BPGaren %6,2koa da; Nafarroan, berriz, BPGaren %8,2. Eusko Jaurlaritzak 1.889 milioi euroko zorra jaulki zuen iaz, eta 1.100 milioi euro jaulki ditzake aurten.

Aznarrek piztutako sua

Zapateroren mehatxuak hauspotu egin du ostiralean Jose Maria Aznar Espainiako presidente ohiak piztutako sua. Aznarren arabera, «Espainiak ez du ematen gauza bera egiten duten hamazazpi erakunde eusteko adina». Aznarrek auzitan jarri zuen autonomien estatuaren bideragarritasun politikoa eta ekonomikoa.

Espainiako PPko arduradunek antzeko adierazpenak egin zituzten atzo. «Eredu autonomikoa arrazionalizatzeko» estatu hitzarmena eskatu zion Maria Dolores de Cospedal idazkari nagusiak Espainiako Gobernuari, gaur egungo sistema «oso garestia» baita. Esteban Gonzalez Pons Komunikazio idazkariordea urrunago joan zen, eta akordio bat eskaini zion Espainiako Gobernuari, autonomien eskuduntzak berreskuratzeko.

Espainiako Gobernuak eta PSOEk baztertu egin dute estatua «birzentralizatzea edo birnazionalizatzea», «distortsioak eta bikoizketak» daudela dioten arren.

Katalunian asko haserretu dira Zapateroren hitzekin. Josep Antoni Duran i Lleida CiUko presidenteak Zapaterori eskatu dio ardura dadila «Espainiako ekonomiaren erreskatea saihesteaz», autonomia erkidegoei ohartarazpenak egin beharrean. Haren iritziz, autonomia erkidegoei leporatu nahi diete Espainiako gobernuen politika okerren errua.Joan Ridao ERCko idazkari nagusiak uste du argaldu behar duena estatua dela, bera baita gastu publikoaren %55 egiten duena eta defizit gehien sortzen duena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.