Bilboko udalbatzak, EAJren, PSE-EEren eta PPren botoekin, «interes komertzialeko» izendatu ditu zazpi jaiegun, eta horietan irekitzeko aukera izango dute saltokiek. Aukeratutako egunak maiatzaren 6a, uztailaren 1a, azaroaren 1a eta abenduaren 8a, 16a, 23a eta 30a dira. Data horiek urtero aldatuko dira, dendarien interesen arabera.
Udalbatzaz baliatuz, LABeko ordezkariek elkarretaratzea egin zuten udaletxe aurrean, eta ondoren FORek Kale Nagusian duen dendara joan ziren, hileta bat antzeztuz. UGTk ere gaitzetsi egin du zazpi jaiegunetan irekitzeko aukera eman izana. Halaber, erabakiaren aurka agertu dira Bilbao Dendak, Euskaldendak eta Bilbao Centro merkatarien elkarteak.
Javier Lopez Bilbao Dendak-eko presidenteak dimisioa ere eman du. Azaldu du alderdi politikoek saltokiekin kontsultatu ere ez dutela egin erabakia, eta, haren esanetan, datak ere euren kasa finkatu dituzte. «Gaur egungo egoera ekonomikoa kontuan hartuta, ausartegia da merkataritzako enpresaburuei gastu gehiago egiteko eskatzea». Jaiegunetan irekitzeak dituen eraginei buruzko txostenik ez dagoela gaineratu du, eta, beraz, ez dagoela argi saltokientzat ona ala txarra den. Lopezek merkatarien eta udaleko ordezkarien arteko bilera bat eskatu du.
Zazpi jaiegunetan ireki ahal izango dute Bilboko dendariek
Erabakiaren berri izan ostean, dimisioa eman du Javier Lopez Bilbao Dendak-eko presidenteak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu