Iparraldeko dantza ezagunean lez, gora eta behera dabil Ibex-35 (-%0,99): zazpigarren egunez jarraian, irabaziak eta galerak tartekatu ditu, 10.990ean hasitako jauzi aroa 10.980 puntutan amaitzeko; lurretik lurrera. Jendartearen parte-hartze eskasez egin zuen atzo, gainera, 1.433 milioiren salerosketa baizik ez baitzen eman Ibex-35eko akzioetan, 308 milioirekin Edurnezurik (-%1,06) Santanderri aurre hartu ziolarik (-%1,18 jaitsi zen banku gorria, 280 milioi mugituz). Galerak 31 akziok izan zituzten, eta Acciona (+%0,56), FCC (+%0,26), Ebro (-%0,04) eta Red Electrica (=) soilik irten ziren galeren ilaratik. AEBetako datu makroekonomikoak ez ziren, oraingoan, musika lagungarria izan. NDFk eurogunearen hazkunde eta lehiakortasun eskasa aipatzeak ere, bis edo errepikapen itxura du; ohiko pausoak, finean. Orduak aurrera egin ahala, nekea sumatu zitzaion indize dantzariari. Txerritxo ehiztariek ezpatak zorrotz dituzte, Greziari so.
Valentziako Bancaja aurrezki kutxak 750 milioiren zorra jaulki du hiru urterako, bere hipoteka onenen bermearekin. Epe horretako erreferentzia tasaren gainetik %1,2ko gainsaria ordaindu du horretarako. Garesti da, baina zor hori saldu izana bada zerbait.
Endesa (-%0,87) argindar enpresaren gas alorreko aktibo batzuk erosteko eskaintza prestatzen ari dira Italiako F2I funtsa eta Frantziako Axa (-%0,63) aseguru etxea, azpiegituren kudeaketarako funtsen bidez. 1.000 milioiren fakturazioa du Endesa Gasek.
Zazpi jauzi
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu