PETROLIOA

Zein izango da etorkizuneko joera?

joxerra senar
DONOSTIA
2004ko irailaren 16a
00:00
Entzun
Petrolioak adinako balioa du etorkizunean prezioak norantz zuzenduko diren jakiteak. «Inork ez du kristalezko bolarik», zioen atzo Alfonso Cortina Repsol-YPF konpainiako presidenteak. Hala ere, etorkizunak zer ekarriko duen antzeman nahian dabiltza adituak, petrolioak ekonomien bilakaera baldintzatu dezakeelako. Onerako edo txarrerako.

Kristalezko bolarik ez eduki arren, adituek ez dute espero petrolioa merkatuko denik. «Urtea amaitu bitartean, prezio garestiei eutsiko dietela uste dute merkatuetako parte-hartzaileek», zioen iraileko txosten ekonomikoan Europako Banku Zentralak. «Eskariaren eta eskaintzaren baldintzek prezioak garesti jarraituko dutela aurreikustera eramaten dute. IEA Nazioarteko Energia erakundearen arabera, eskariaren eta eskaintzaren arteko tentsioek indarrean segituko dute datozen hilabeteetan», azaldu zuen Alfonso Cortinak.«Ez da aurreikusten prezioek behera egingo dutenik, ezta 2005. urte osoan ere», iragarri zuen atzo Rafael Ramirez Venezuelako Energia ministroak. Ez du espero LPEEk produkzioari eusteko konpromisoak prezioak jaitsaraziko dituenik, bere «kontrolpetik haratagoko» faktoreak daudelako tartean.Merkatuak etorkizunean hornikuntza falta egongo den beldur dira, eskaintzeko ahalmenaren eta kontsumoaren arteko aldea geroz eta txikiago baita.

«Ba al du LPEEk datozen bi urteetan eskariari erantzuteko petrolio hornikuntzarik? Gaur egun, egunean 1,5 milioi upel gehiago ekoizteko gaitasuna du», agertu zuen atzo Purnomo Yusgiantorok, LPEEko presidenteak. Kontuan hartu behar da cartelaz haratago, merkatuaren %60 ordezkatzen duten ekoizleak ere badaudela eta produkzioa handitzeko ahalmena dutela.

Hala ere, eskariak eskaintza gaindituko duen eguna sumatzen hasi dira merkatuak. Hori erakusten du aurtengo krisiak. Hubbert izeneko geologo batek 50eko hamarkadan teorizatu zuen behin produkzioak goia jo ostean, saihestezina dela beherantz egitea. Baina noiz ezagutuko du munduak egun hori?

Petrolio erreserben araberakoa da hori. Ez da zientzia zehatza, ordea. Edo interes franko daude tartean behinik behin. Hainbat geologok salatu dute azken urtetan herrialde ekoizle askok euren stock-ak puztu egin dituztela. Hartara, kalkulua aldatu egiten da. Sektoreko txosten ofizialen arabera, 1,1 bilioi upeleko erreserbak daude munduan. Aurreikuspen baikorrenen arabera, eskaintzak 2030 inguruan joko du goia. Aldiz, geologo batzuk diote erreserbak 780.000 milioi upelekoak direla eta 2007 eta 2010 artean eskariak eskaintza gaindituko duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.