Zenbait herrialdek dolarra ordeztu nahi dute salerosketetan

Petrolioaren merkatuan beste dibisa batzuk erabili nahi dituzte, 'The Independent'-en arabera

jakes goikoetxea
2009ko urriaren 7a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Dolarraren nagusitasuna eta erreferentzialtasuna kolokan daude. Zenbait herrialdek dolarra beste dibisa batzuekin ordezkatu nahi dute petrolio salerosketetan, The Independent egunkariaren arabera: euroa, Japoniako yena, Txinako yuana, Persiako Golkoko herrialdeen dibisa bateratu bat... Aldaketa nahi dute Persiako Golkoko zenbait petrolio esportatzailek (Arabiar Emirerri Batuak, Kuwait, Saudi Arabia eta Qatar) eta Txinak, Errusiak, Japoniak eta Frantziak. Brasilek eta Indiak ere interesa dute proposamenean.

Finantza ministroek eta banku zentraletako gobernadoreek bilera sekretuak egin dituztela dio egunkariak. Persiako Golkoko herrialdeetako eta Hong Kongeko bankuak dira haren informazio iturriak. The Independent-ek amaiera ere jarri dio dolarraren nagusitasunari, 2018a. Trantsizioa bederatzi urtekoa litzateke.

Ukatu egin dute

Saudi Arabiako Banku Zentraleko gobernadoreak, Kuwaiteko ministro batek eta Errusiako Finantza ministroak gezurtatu egin dute dolarra ordezkatu nahi dutela.

Gaur egun dolarra da herrialdeek erreserbetan erabiltzen duten dibisa nagusia. Ondorioz, dolarra baztertzeak sekulako mugimenduak eragingo lituzke dibisa berrien alde egingo luketen herrialdeetan: Arabiar Emirerri Batuek, Kuwaitek, Saudi Arabiak eta Qatarrek 2,1 bilioi dolar dituzte erreserbetan.

Iran duela urte batzuk hasi zen petrolioaren salmentak eurotan egiten. Gobernuaren arabera, 2007an eurotan egin zituen petrolio salmenta operazioen %90. Dolarrak euroarekin ordezkatu ditu herrialdearen atzerriko kontu guztietan.

Iranek berak atzo esan zuen irabazi nabarmenak lortu dituela petrolioaren eta beste produktuen esportazioetan dolarra euroarekin edo beste dibisa batzuekin ordezkatuta.

Dolarraren ahultasunak bultzatuta, inbertsiogileak lehengaien alde egiten ari dira. Atzo, esaterako, urreak inoizko prezio altuena lortu zuen, 1.040 euro ontza urrea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.