Fiskalitatea

Zer aldatu nahi dute zerga erreformarekin?

Inbertsioa saritzeko kenkari berriak, enpresek baliatutako pizgarriei jarritako mugak, eta ondare zergaren harmonizazioa dira EAJk eta PSE-EEk adostu duten proposamenaren ardatz nagusiak.

Unai Rementeria (Bizkaia), Ramiro Gonzalez (Araba), eta Markel Olano (Gipuzkoa) ahaldun nagusiak, Finantzen Euskal Kontseilua egin zen egunean. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS
Ivan Santamaria.
2017ko azaroaren 2a
14:12
Entzun

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek martxan jarri dute zerga erreforma, EAJk eta PSE-EEk herenegun iragarri zuten akordioaren harira. Proiektuak zerga gehienak moldatzeko asmoa du, baina kasu askotan doikuntza txikiak dira. Errenta, sozietate eta ondare zergetan daude proposamen esanguratsuenak.

Errenta zerga

Zer aldatuko da? Inbertsioak sustatzeko kenkari berriak sartu nahi dira indarrean, eta, aldi berean, atzerritik datozen langileei zuzendutako araua erakargarriago bihurtzeko neurriak jasotzen dira. Biak dira Bizkaiko Aldundiak defendatu izan dituen neurriak.

Inbertsioei dagokienez, orain arteko esparrua egokituko dute ogasunek. Enpresen akzio eta parte hartzeak erostearen truke %10eko kenkaria egongo da —%20 zen orain arte—, baina oinarri kengarria 50.000 eurotik 100.000 eurora igoko da. Gehienez ere oinarri likidagarriaren %15 murriztu ahalko da inbertsioen bidez; orain arte, %10 zen. Enpresa berritzaileak badira, egindako inbertsioaren %20 izango da kenkaria.

Berrikuntzarako inbertsio funtsetan parte hartzea ere saritu nahi dute aldundiek. EBko horrelako funts batean parte hartzen duten zergapekoek %15 bitarteko kenkaria egin ahalko dute, 750 euroko mugarekin. Kenkaria baliatu ahal izateko, inbertitutako kopuruari bost urtez eutsi beharko diote. Halaber, parte hartze horiek ondare zerga ordaintzetik libratuko dira.

Atzerriko langileentzako kenkari bereziak aurreikusten dira. Oro har, ordainaren %15 ez zaie zergapetuko. Horrekin batera, lekualdatzeak sortutako gastuen %20 murriztu ahalko dituzte, betiere enpresaburuak ez badu ematen gastu horiek konpentsatzeko saririk. Aipatutako kenkariak bost urtez baliatu ahalko dira.

Zer ez da aldatuko?

Zergaren tasak eta eskalak berdinak izango dira. Hots, %49 izango da errenta zergan tasarik handiena, 179.000 eurotik gorako diru sarrerentzat. Baita etxebizitza, adin eta pentsio osagarrietan egindako gastuari egin ahal zaizkion kenkariak ere.

Sozietate zerga

Zer aldatuko da? Aldaketa nagusia da enpresek egin ahal zituzten zenbait kenkari eta murrizketa mugatuko dituela proposatutako aldaketak.

Finantza gastuetan, gehienez ere urteko irabaziaren %30aren pareko kenkaria izango dute enpresek eskura. Asko jota, hiru milioi euro.

Zerga oinarri negatiboen konpentsazioari ere muga jarriko zaio. Enpresa batek urte batean galerak baditu, aukera du hurrengo hamabost urteetan mozkinei kentzeko. Orain arte, konpentsazio horrek ez zuen urteko mugarik. Hemendik aurrera, asko jota zerga oinarriaren %60 konpentsatu ahalko dute enpresa handiek, eta %80 enpresa txiki eta ertainek. Bestelako kenkaririk ez balego, gutxienez urteko irabazien %40 zergapetuko litzaieke enpresa handiei, eta %20 txikiei.

Enplegu kenkaria ere zorroztuko luke ogasunen proposamenak. Kenkaria eskuratu ahal izateko, langileari kontratu mugagabea egin beharko zaio, orain arte bezala, baina urtean gutxienez 16.800 euro kobratzea exijituko da (gutxieneko soldata +%70). Horren truke enpresak urteko soldataren %25 kendu ahalko du zerga fakturatik, 5.000 euroko muga batekin.

Zer ez da aldatuko?

Sozietate zergaren tasa nominala ez da mugituko. Tasa orokorra %28 da gaur egun, eta %24 enpresa txiki eta ertainentzat. EAJren eta PSE-EEren arteko desakordio nagusia izan da, eta ez aldatzea erabaki dute, luze negoziatu ondoren.

Ondare zerga

Zer aldatuko da? Zerga Arabako eredura harmonizatzeko konpromisoa hartu dute hiru foru aldundiek. Horren aldaketa nagusia Gipuzkoari dagokio, oraindik ere EH Bilduk agintea zuen garaiko bereizgarritasun batzuk zituelako aberastasun eta fortuna handiei ezarritako zergak.

Gipuzkoan "zerga ezkutua" deritzona indarrean jarriko da, orain arte Araban eta Bizkaian zegoen gisara. Horrek esan nahi du errenta eta ondare zergaren kuota osoak ezin duela gainditu PFEZaren zerga oinarriaren %65.

Harmonizazioak, hasiera batean, Arabako eredua hedatuko luke: Bi milioi eurotik gorako ondarea dutenek deklaratu beharko lukete zerga, eta etxebizitza arruntak 400.000 euroko kenkaria luke. Zortzi eskalatan banatuta geratuko litzateke zerga, halaber.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.