Lan kodearen erreforma azken urteotan eztabaida handiena eragin duenetako bat da. Frantziako Gobernuak argudiatu du malgutasun handiagoa behar duela lan merkatuak, gaur egungo sistemarekin enpresei garesti ateratzen zaielako langileak kaleratzea, eta horrek kontratazioak oztopatzen dituela dio. Kontrakoek, berriz, salatu dute langileak babesik gabe uzten dituztela, nagusien guztiz menpe, eta ez duela balio enplegua sortzeko.
Honakoak dira Myriam El Khomri Lan ministroaren izena daraman lan kodearen erreformaren puntu nagusiak. Puntu batzuetan aldaketak egiteko prest azaldu da Manuel Valls negoziaketetan. Astelehenean du aurkeztekoa proposamen berria.
Kaleratzeen kalte-ordainak
Lege proiektuaren puntu eztabaidatuenetako bat da. Gaur egun, langile baten kontratua justifikatutako arrazoirik gabe hausten denean (kaleratze bidegabe bat), prud’homme edo lan auzitegiek erabakitzen dute nolako kalte-ordaina dagokion, parametro batzuren arabera. Frantziako Gobernuak uste du kalte-ordain horiek handiegiak direla, enpresa txikientzat eta ertainentzat batez ere. Horregatik, El Khomriren testuak proposatu du lan auzitegiek ezar ditzaketen kopuruei muga bat inposatu ahal izatea. Horrela, hogei langiletik beherako enpresetan nahi du gehienez hiru hilabeteko soldataren adinako kalte-ordaina ematea langileari bi urtetik beherako aintzinatasuna badu; sei hilabete artekoa bi eta bost urte artean lan egin badu; bederatzi hilabetekoa bost eta hamar urteko aintzinatasuna badu; eta hamabi hilabeteko saria hamar eta hogei urte artean lan egin badu. Gehieneko kalte-ordaina hamabost hilabeteko soldata izango da, enpresa batean hogei urtetik gora aritu direnentzat.
Enpresa handiei garestiago aterako zaie langileak kaleratzea: hamar eta hogei hilabete arteko soldata, hamabost urte edo gutxiago aritu badira. Kalte-ordain horiek handitu ahal izango dira epaileak ikusten badu langileak sexu edo lan jazarpena jaso badu, edo nahita baztertu duela.
Kaleratze objektiboak
Arrazoi ekonomikoengatik kaleratze bat objektibotzat jotzeko baldintzak argitu nahi ditu Frantziako Gobernuak. Enpresa bati, galeretara iritsi gabe, eskaerak jaisten bazaizkio, altxortegian arazoak baditu edo esplotazio galerak baditu, langileak botatzeko arrazoi objektiboak dituela kontuan hartuko da. Multinazionalen kasuan enpresa osoaren emaitzei aplikatzen zaie arau hori orain arte, baina legegaiak nahi du Frantziako adarrari ezartzea arau hori. Enpresa edo sektore barruan akordioa badago, eskaerak edo salmentak gutxienez bi hiruhileko jaitsi beharko dira kaleratze objektibotzat jotzeko, eta hiruhileko bakarra esplotazio galerak badaude; akordiorik ez badago, hurrenez hurren urtebete eta urte erdia beharko dira.
35 orduko lanaldia
1998an ezarritako 35 orduko lanaldi ofizialari eutsiko zaio, baina aurretik eskuineko gobernuek bezala, PSrenak ere arau orokor horri iskin egiteko aukerak handituko ditu: 50 langiletik beherako enpresa bat, merkatu berriak zabaltzen ari denean, berregituratzen ari denean edo ezohiko arrazoiak dituenean lunaldia luzatzea proposatu ahal izango die langileei. Forfait jour izenekoa aplikatu ahal izango du, hau da, lanaldia egunean kalkulatu beharrean, urtean egindakoan kalkulatzea. Gehienez hamar orduz egin ahal izango da lan egun batean, baina epe hori hamabira luzatu ahal izango da, «jarduera handitu bada edo enpresaren barne antolaketak hala eskatuta», betiere enpresa barruko akordioa badago. Asteko gehienezko lanaldiak 48 orenetan jaraituko du, baina «ezohiko baldintzak» daudenean 60ra ere iritsi ahal izango da.
Aparteko orduen ordainketa
35 ordutik gora lan egindako orduak, hori bai, aparteko ordu gisa ordaindu beharko dira, edo atseden egun gehiagorekin konpentsatu. Enpresa barruan akordioa badago gutxienez %10 gehiago ordaindu beharko dituzte; akordiorik ez badago, berriz, %25 gehiago lehen zortzi orduak, eta %50 gehiago hortik gorakoak.
Jarduera kontu pertsonala
Langile batek bere lan bizitzan formakuntzarako pilatutako eskubideak eta lan gogorrak egin baditu erretiroa aurreratzeko eskubideak kontu bakar batean bilduko dira, Jarduera Kontu Pertsonala. Lana aldatu arren, eskubideei eutsiko die.
Enpresako itunak
Erreformaren helburuetako bat da enpresetan malgutasuna handitzea, eta horregatik lehentasuna ematen die enpresa barruko lan hitzarmenei sektoreka lortutakoen gainetik. Enpresa baten barruan lortutako ituna balioa izateko, ordezkaritzaren %50tik gora duten sindikatuen sinadura beharko da (eta ez %30). Baina %30eko babesa dutenekeskatuz gero, langileei galdetu ahal izango zaie eta baiezkoa emanez gero, indarrean jarriko da.