ZER BILATZEN DUTE?

2017ko abuztuaren 20a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
AEB

Berez, NAFTA negoziatu nahi duen bakarra da Washingtongo gobernua. Helburu nagusi bat du: azken hogei urteetan Mexikora joandako industriako lanpostu batzuk itzultzea, ahal dela, Trumpen garaipena erabaki zuen Rust Belteko industria eremu hondatura. Hori egiteko bidea izango da Mexikoko produktuak ez hain erakargarri izatea, dela muga zergak handituz, dela AEBetako osagaien gutxieneko kopurua igoz, edo dela Mexikoko langileen soldatak bere iparraldeko auzoetan ohikoak direnetara gerturatzea.

Kanada

Ez zuen NAFTA negoziatu nahi, baina behin hasita, itun «progresistagoa» nahi du, iazEuroparekin sinatutako CETAkoaren parekatu. Hau da, «lan baldintza duinak ziurtatu», «ingurumenaren babesa handitu», eta emakumeen eta indigenen eskubideak itunean sartu. Halaber nahi du gatazkak konpontzeko NAFTAk sortutako arbitratze sistemari eustea, gai izan delako AEBetako multinazional boteretsuen gehiegikeriak eragoztea.

Mexiko

Negoziazioen galtzaile nagusia izan daiteke, hura delako hiru herrialdeetan ahulena ekonomikoki, eta beste biekiko menpekotasunik handiena duena —bere esportazioen bi heren doaz AEBetara—. Hortaz, ahalik eta gutxien aldatzea da Mexikoren helburua. Muga-zergak jartzeak bereziki egingo lioke kalte, bere produktuak garestituko lituzkeelako, eta hori arriskutsua da Mexikorentzat, Txinarekin lehia betean ari delako AEBetako hornitzaile izateko. Lehia horretan, galduz doa: 1999tik 2016ra %11tik %13,5era iritsi da Mexikok AEBetako inportazioetan zuen pisua; tarte horretan, %18tik %21era igo da Txinarena. Horregatik beragatik, aurre egingo dio gutxieneko soldata igotzeko AEBek egingo dion eskariari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.